Absolutu mutilak garaile, Gipuzkoako Trainerilla Ligaren estreinaldian

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 19a

Atzo arratsaldean jokatu zituzten Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehenengo estropadak , Orioko errioan. Bertan izan ziren Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ontziak, eta oro har, emaitza onak eskuratu dituzte. Gaur, berriz, San Telmo saria izango dute jokoan Zumaian.

Batel liga amaitu berritan, Urola Kostako arraun taldeek asteburu honetan abiatu dute Gipuzkoako Trainerilla Liga, Orioko errioan. Hain zuzen ere, atzo arratsaldean jokatu zituzten lehenengo estropadak, Gipuzkoako Arraun Federazioak antolatuta. Guztira 36 ontzi aritu ziren lehian hiru mailatan banatuta, hala nola kadeteak, jubenilak eta absolutuak.

Lehenengo jardunaldiak utzitako sailkapenei erreparatuta, emaitza onak lortu dituzte eskualdeko arraunlariek. Esaterako, Orioko mutilek graipena lortu dute absolutuen mailan, Ligan nahiz Kopan. Zarauztarrak ere bikain aritu dira, eta mutilek garaipena lortu dute kadeteen mailan.

Zumaia eta Getaria ere fin aritu dira. Esaterako, absolutu mailan Zumaiako neskek lehenengo bi postuak eskuratu dituzte, eta getariarrek, aldiz, bigarren egin dute mutilen absolutu mailan, Ligan. Ikusi hemen sailkapenak osorik.

San Telmo saria, gaur Zumaian

Trainerilla estropadak jokatuko dituzte gaur arratsaldean, 17:30etik aurrera, San Telmo jaien repetizioetan, eta bi bandera izango dira jokoan: emakumeen XII. San Telmo saria, eta gizonen XLI. San Telmo saria, hain zuzen.

Arranpla parean kokatuko dituzte irteera eta helmuga puntuak, eta ontziek barraren hasiera inguruan emango dute buelta. Guztira, lau luze eta hiru ziaboga egingo dituzte ontzi parte-hartzaileek.

(Argazkiak: Joxemari Olasagasti eta Julene Sorarrain).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide