Kofradia Basque Seafood sortu dute arraina merkatuaren eskaera berrietara egokitzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 16a

Langile bat, atzo, Berriatuko plantan. (Eusko Jaurlaritza)

Eusko Jaurlaritzak eta kofradiek sortu dute egitasmoa, eta hasierako fasean 25 lanpostu zuzen sortuko ditu. Arraina garbituta eta ontziratuta salduko dute, baita aurrez sukaldatutakoa ere, eta Getarian jarri dute lantegietako bat. Udalak begi onez ikusi du egitasmoa, baina "herri estrategia" aldarrikatu du arrantza industriarentzat. 

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantza sektoreak Kofradia Basque Seafood (KBS) egitasmoa aurkeztu zuten atzo. Flota, industria eta merkatua "modu sendoagoan" lotzen dituen proiektua da, eta hiru milioi euro inguruko inbertsioarekin sortu dute. Hasierako fasean 25 lanpostu zuzen sortzeko aurreikuspena dute, eta hiru planta ireki dituzte, horietako bat Getarian, eta beste biak Bizkaian, Berriatuan eta Bermeon, zehazki. Hiru gune horietan garatuko dute arrain fresko, izoztu eta eraldatuari lotutako jarduera.

Getariako KBS planta portuan kokatu dute, Txoritopen, eta Emeterio Urresti Getariako kofradiako presidenteak Gukari azaldu dio urtebetez aritu direla proiektua lantzen, helburu argiarekin: arraina arrantzaleek beraiek merkaturatzea. "Lehengaia geuk edukita, etekina geuk ateratzea da asmoa". Merkatuaren bilakaera izan dute kontuan, baita zer arrain mota eskain dezaketen eta salmenta zer bide erabilita egin zezaketen ere. Hala, Urrestik uste du uda ondoren hasiko direla arrain hori merkaturatzen. 

Arraina garbituta eta ontziratuta salduko dute, baita jada sukaldatutako arraina ere. Izan ere, ikusi dute herritarren kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, eta gero eta gehiago eskatzen dutela arraina garbi eta kontsumitzeko prest jasotzea. Gainera, herrietako arraindegiak desagertzen ari dira, eta supermerkatu handiak ere kentzen ari dira arraindegiak, ontziratutako arraina bakarrik eskaintzeko. 

Eredu aldaketa

"Enpresa berriak eraldaketaren eta balio erantsiaren aldeko apustua" egiten duela esan du Jaurlaritzak atzo kaleratu zuen prentsa oharrean, "merkatuaren egungo eskaeretara egokitutako formatu eta soluzio berriak garatzeko gaitasunarekin, baita kontserbazio eta prozesamendu teknologia aurreratuak txertatuz ere; horien artean, banakako izozketa azkarra (IQF), produktuaren kalitatea mantentzea eta urte osoan eskuragarritasuna indartzea ahalbidetzen duena".

Kofradia Basque Seafoodek arrainaren ibilbide osoaren trazabilitatea eta kontrola bermatzeko aukera ematen duela nabarmendu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, "kalitatearekiko konpromisoa indartuz eta baxurako zein artisau-arrantzako flotaren eguneroko lana balioan jarriz". Barredok azpimarratu du, horrez gain, proiektuak flota, industria eta merkatua estrategia beraren baitan lerrokatzeko modu bat dela, sektorearentzat eta herritarrentzat gero eta garrantzitsuagoak diren elementuak indartuz, hala nola kalitatea, elikagaien segurtasuna, trazabilitatea eta baliabideen kontrola. 

Egitasmoak eredu aldaketa garrantzitsua dakarrela uste du, berriz, Norberto Emazabelek Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradien izenean: "Katean parte hartzetik haren etapa guztietan zeregin zeharkakoa izatera igaro gara; eredu aldaketa baten aurrean gaude. Harrapaketa, eraldaketa eta merkaturatzea integratzeak kalitate, trazabilitate eta jasangarritasun berme osoak dituen produktua eskaintzeko aukera ematen digu, prozesu osoaren ikuspegi integral batekin". Izan ere, Emazabalentzat argi dago "berrasmatu eta merkatuaren behar berrietara egokitu behar" dela.

Udala herri estrategia eske

Haritz Alberdi Getariako alkateak, bere aldetik, azaldu du prentsaren bidez izan dutela egitasmoaren berri, baina dakitenaren arabera, proiektua onuragarria dela uste du: "Gure produktuei balio erantsia ematen dioten iniziatibak beti babestu ditugu, eta beraz, ondo ikusten dugu. Eta horrek lanpostuak sortzen baditu, hobeto".

Sektore horrek hobetzekoak ere baditu, ordea, udalarentzat, eta herri estrategia behar dela azpimarratu du. "Kostaldeko portuek, gutxienez portu batzuek, tartean Getariakoak, industrialde izateko baldintzak betetzen dituzte. Batetik, arrantzaren inguruko aktibitate ekonomiko garrantzitsua dago, eta horrek horrela segitzeko baldintza berriak sortu behar dira. Gainera, espazioak daude itsasoaren inguruko aktibitate produktibo berriak sustatzeko; adibidez, ekonomia urdinarekin zerikusia izan dezaketenak. Baina herri estrategia behar da eguneratutako egitasmoekin portuek izan duten motor ekonomiko hori berreskuratzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide