Ostegunean hasiko da Orioko Herri Ikastolaren Aste Kulturala

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 14a

Imanol Epelde zarauztarra. (Utzitakoa)

Karmele Esnalen familiak jasoko du III. Elbira Zipitria aitortza omenaldia. Urtero bezala, kantuan ekingo diote egitasmoari, eta aurten Imanol Epelderen emanaldia, pailazoen ikuskizuna eta mendi irteera ere izango ditu egitarauak. 

Ostegunetik igandera ospatuko du aurten Aste Kulturala Orioko Herri Ikastolak. Saio gehienak herritar guztiei zabalik egongo dira, baina hori bai, hasiera, beti bezala, ikastolako komunitate barrukoa izango da. Izan ere, 09:00etatik 17:00etara, etenik gabe kantuan ariko dira Pergolan. Egun horretan bertan Imanol Epeldek emanaldia eskainiko du Etxeluze gaztetxean, eta ostiral arratsaldean, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute txikienek Karela kiroldegian. Sarrerak esteka honetan eros daitezke. 

Kiroldegi aurrean txosna zabalik egongo da, eta ikastolako familiek eramandako patata tortilla pintxoak dastatzeko aukera egongo da.

Larunbat eguerdian, berriz, III. Elbira Zipitria aitortza omenaldia egingo dute Herriko Plazan. Aurten Karmele Esnalen familiak jasoko du aitortza. 

Aste Kulturala amaitzeko, Zarauzko Mollarrira txangoa egingo dute igande goizean, 10:30ean plazoletatik abiatuta. 

Egitaraua:

  • Apirilak 16, osteguna:
    • 09:00-17:00. Pergolan, Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko ekitaldia. 
    • 19:00. Gaztetxean, Zerbait sartu zait begian emanaldia, Imanol Epelderen eskutik. 
  • Apirilak 17, ostirala: 17:00etan, kiroldegian, Zerua lapurtu dute ikuskizuna, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorerekin. 
  • Apirilak 18, larunbata: 12:00etan, III. Elbira Zipitria aitortza omenaldia Herriko Plazan.
  • Apirilak 19, igandea: 10:30ean, mendi irteera Mollarrira, plazoletatik abiatuta. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide