Bihar zabalduko dute udako kirol eta aisialdi jardueretan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 13a

Haur batzuk Txurrumuskiren udaleku irekietan. (Guka)

Hilaren 24ra arte egongo da izena emateko aukera, online edo Karela kiroldegiko harreran. Galdetegiak bihar zabalduko dituzte eragileek. Udalak eta herriko bederatzi eragilek prestatu dute udako denboraldirako kirol eta aisialdi eskaintza. 

Orioko Udalak eta herriko kirol eta aisialdi jarduerak eskaintzen dituzten bederatzi eragilek prest dute jada 2026ko udako eskaintza. Jardueretan izena emateko epea bihar, asteartea, zabalduko da 12:00etan, eta hilaren 24ra arte egongo da horretarako aukera, online edo Karela kiroldegiko harreran.

Eskaintza osoa taula honetan ikus daiteke, eta galdetegiak,  berriz, bihar zabalduko dituzte eragileek; nork berea edukiko du, baina guztiak udalaren webgunean egongo dira eskuragarri. Guztira, herriko bederatzi eragilek prestatu dute udako denboraldirako eskaintza: Txurrumuski aisialdi elkarteak, NEO enpresak, Orio Bate Bizkorrak elkarteak, Orioko Futbol Taldeak, Orio Arraunketa Elkarteak, Orio Itxastresna Surf Klubak, Orio Eragin Eskubaloi Klubak, Orioko Atletismo Taldeak eta ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak.

Udaleku irekiak

Txurrumuskik, urtero bezala, udaleku irekiak antolatuko ditu uztailerako, eta Gazte Abentura udalekuak, abuztuaren lehen hamabostaldirako. Gainerako jarduerak kirol-esparrukoak dira eta kiroldegiak eta herriko kirol-taldeek antolatzen dituzte.

Udaleku irekiak 09:00etatik 13:00etara izango dira, eta zaintza zerbitzua hartzeko aukera egongo da, 07:30etik 09:00etara. Uztailean, hilabete osoko zerbitzua eskainiko du Txurrumuskik. 

Gazte Abenturak, berriz, abuztuaren 3tik 14ra izango dira, 09:00etatik 17:00etara (edo 17:30era nahiz 18:00etara). LH 3. mailatik LH 6. mailara arteko gaztetxoentzat da eskaintza hau. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide