Euskadiko Batel Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur goizean Sestaon (Bizkaia). Atzo izan ziren sailkapen estropadak, eta Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) neska-mutilak bikain aritu ziren atzo zein gaur. Sei ontzi sailkatu ziren gaurko finaletarako, horietako bost A finaletarako, eta bat, B finalerako: A finaletan aritu dira kadete neskak, eta mutiletan infantilak, kadeteak, 23 urtez azpikoak eta seniorrak. B finalean, berriz, neska infantilak.
Bosna talde aritu dira elkarren aurka maila eta kategoria bakoitzean. Estropada lehiatuak izan dira, baina bi garaipen eskuratu dituzte oriotarrek, kadetetan eta seniorretan, zehazki.
Seniorren ontzia Diego Perezek, Mikel Lizarraldek, Adrian Gonzalezek, Ander Zabalak eta Oihan Manterolak osatu dute, eta estropada 08:53,38 denboran osatu dute. Kaiarriba sailkatu da bigarren, hiru segundora, 08:56,84 denbora eginda; hirugarren, berriz, Zierbena izan da, 08:59,84 denborarekin. Pasai Donibanek egin du laugarren, eta CDR Iberiak, bosgarren.
Orioko infantil mutilek hirugarren egin dute, kadete neskek laugarren, 23 urtez azpiko mutilek bosgarren, eta infantil neskek, B finalean, hirugarren.