Beste urte batez, UEMArekin elkarlanean, Orioko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak. Proposamenak aurkezteko epea, Gipuzkoan, apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean egongo da zabalik.
Udalak azpimarratu du urtetik urtera gero eta oriotar gehiago direla errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak. Hain justu ere, iaz inoiz baino herritar gehiagok egin zuen euskaraz: 1.163 oriotarrek, guztien %33. Hala eta guztiz ere, udalak gehitu du oraindik ere herritarren gehiengoak gaztelaniaz egiten duela.
Hori horrela, errenta euskaraz egin nahi dutenek honako aukerak izango dituzte:
Internet bidez:
- Erabiltzaileak aldatu behar du plataforman: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
Mekanizatua:
- Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan eginez gero, hango langileari esan behar zaio.
- Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.
- Gestorian eginez gero, bertako langileari eskatu behar zaio euskaraz egiteko.