Saregilen saioak eskaintzeko deialdian izena eman dezakete herriko profesionalek zein elkarteek

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 1a

Hainbat lagun, Saregilen eskainitako hitzaldi batean.

Zabalik da Saregile Orioko Emakumeon Etxean hitzaldiak, tailerrak edo bestelako saioak eman nahi dituzten herritarrei zuzendutako deialdia. Apirilaren 17ra arte egongo da izena emateko aukera.

Gaurtik apirilaren 17ra bitartean zabalik egongo da Saregile Orioko Emakumeon Etxean hitzaldiak, tailerrak edo ahalduntzera bideratutako bestelako saioak eman nahi dituzten herriko profesionalei, adituei edo elkarteei zuzendutako deialdia. Interesdunek saregile@orio.eus helbidera bidali beharko dituzte proposamenak, eta esteka honetan ikus daitezke deialdian parte hartzeko bete beharreko irizpideak.

Orioko ahalduntze eskola 2019an jarri zuten martxan, eta geroztik, tailer, ikastaro, hitzaldi eta bestelako ekintza ugari egin dituzte. 2025-2026 ikasturtean, esaterako, 164 emakumek eta genero disidentek parte hartu dute eskoletan. "Ahalduntze Eskolak berdintasunera bidea eraikitzeko estrategia bezala planteatzen dira, jendarte berdinzale bat eraikitzeko beharrezkoa baita emakumeok ahalduntzea edo boteretzea", adierazi du udalak.

Orain, udalak feminismoan eta emakumeen ahalduntze prozesuetan jarduten duten herriko profesional, elkarte, aditu zein arituei aukera eman nahi die 2026ko bigarren sehilekoan Saregilen saioak eskaintzeko. 

Udalak azaldu duenez, ondorengo bost ardatzak lantzen dituzte Orioko ahalduntze eskoletan: gorputza eta osasuna, indarkeria matxistak, saretzea eta parte-hartzea, emakumeen autonomia eta zaintza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide