Oriok bat egingo du II. Mugiment Pausu Erronkarekin

Intza Trula 2026ko apirilaren 3a

Pertsona bat, oinez ibiltzen. (Artxibokoa)

Egitasmoaren helburua da herritarren artean jarrera aktiboa sustatzea, eta, horretarako, parte hartzaileek egunean egiten duten pauso kopurua erregistratu beharko dute, aplikazio baten bidez. 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago.

II. Mugiment Pausu Erronkarekin bat egingo du lehenengo aldiz Oriok, herritarrengan jarrera aktiboa sustatzeko asmoarekin. Erronkak maiatzaren 11tik 31ra iraungo du, eta, bertan, herritarren egitekoa ondorengoa izango da: egunean egiten duten pauso kopurua erregistratu beharko dute, aplikazio baten bidez. Hala, hilaren amaieran pauso gehien dituen udalerriak irabaziko du.

Egitasmoa kirol orientazio zerbitzua duten udalerriei zuzendutako ekimena da: zehazki, Orion iazko udazkenean jarri zen martxan Abailan kirol orientabide zerbitzua, Karela kiroldegian, eta horregatik, aurten aurrenekoz hartuko du parte ekimenean. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, kirol orientabide zerbitzua duten 56 herri daude ligan parte hartzera gonbidatuta.

Egitasmoa doakoa da, eta 14 urtetik gorako jendeari zuzenduta dago. Parte hartzeko WELLK aplikazioa deskargatu, kontua sortu eta Mugiment Pausuen erronka atalean Orioko taldea aukeratu beharko dute erabiltzaileek. Prozesua egiteko zailtasunak dituzten herritarrek, Karela kiroldegiko Abailan orientabide zerbitzura jotzeko aukera dute.

Udalerri onenaren sariaz gain, norbanakoen zein taldeen sariak ere banatuko dituzte. Udalerrien arteko saria eskuratzeko gutxieneko parte hartzaile kopurua bete beharko dela jakinarazi du udalak: Orioren tamainako udalerrietan, gutxienez, hamabost lagunek eman beharko dute izena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide