Orioko Bate Bizkorrak taldeak sofboleko Ohorezko Mailako bi partida jokatu ditu pasa den asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak), eta emaitza gazi-gozoarekin itzuli dira jokalariak etxera. Galdu egin zuten Fenixen kontra jokatutako lehen partida, baina egoera iraultzea lortu zuten bigarrenean, eta irabazi egin zuten.
Lehenbiziko lehian, valentziarrak ondo asmatu zuten erasoan, eta oriotarrek hainbat aukera sortzea lortu zuten arren, ez zituzten markagailura eraman. Bi ordu eta erdiko borrokak 6-0ko markagailu mingarria utzi zuen, Fenixeko jokalarien alde.
Bigarren partidan oso bestelako jarrera erakutsi zuten bate bizkorrek. Oriokoak erasora jo zuten hasieratik, eta hiru karrera egitea lortu zuten. Partida horretan, Aroa Faro pitcherrak min hartu zuen ezkerreko eskuan, eta joko zelaia utzi behar izan zuen. Hala eta guztiz ere, OBBkoek partidari ondo eustea lortu zuten, eta asko borrokatu ostean, garaipena erdietsi zuten.
OBBk etxean jokatuko du asteburu honetan, Capitalinos de Gran Canaria taldearen aurka.