Oriotik Arroara, korrika

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 24a

24. Korrikaren lehen metroak, pasa den larunbatean Atharratzen. (Korrika)

Kostako herrietatik igaroko da bihar 24. Korrika. Oriotarrek –aiarrek, zehazki esanda– zarauztarrei emango diete lekukoa, eta Getaria eta Zumaia ere zeharkatuko ditu, Zestoako auzora arte. 

Pasa den larunbatean abiatu zen Atharratzetik aurtengoarekin 24. aldia betetzen duen Korrika. Euskara gara lelopean ari dira gauzatzen aurtengo Korrika, eta espero zen bezala, jendetza bildu zen Zuberoko herri hartako plazan euskararen aldeko martxa erraldoiari bere babesa eta bultzada emateko. Irribarreak nagusi ziren bertaratutakoen artean, baita malko apur batzuk ere, pozak eragindako malkoak, Korrikaren beste edizio bat irteteak eragindakoak. Martxa jendetsua datorren igandean helduko da Bilbora, Euskal Herria aldez alde zeharkatuta eta 2.174 kilometro eginda.

Atharratzeko irteeran AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek adierazi zuen Korrikak Euskal Herria alderik aldera zeharkatzeak bazuela parekotasuna hizkuntza berarekin: "herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea". Gaineratu zuen euskara dela "gure identitatea", eta Korrikaren leloari so eginez, azpimarratu zuen: "Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik".

Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta eskualde zeharkatu eta gero, 24. Korrika bihar arratsaldeko lehen orduetan helduko da Urola Kosta eskualdera. Biharkoan, baina, kostaldeko herrietatik bakarrik igaroko da, diseinatu duten ibilbide bihurriak datorren larunbaterako utzi dituelako barrualdeko udalerriak. 

Egun argiz

Duela bi urte gau beltzean igaro bazen, aurten arratsaldez pasatuko da martxa kostaldeko herrietatik. Ordu txikitan pasatzean jende kopuru politak laguntzen badu martxa, zer esanik ez arratsaldez igarotzen bada. Eguraldia lagun izatea besterik ez da falta bidean zein espaloietan jendetza biltzeko. 

Aginagatik barrena helduko da lekukoa eskualdera, Oriora. Aurreikuspenak betetzen badira, 14:50ean hartuko dute lekukoa Orioko eragileek. Ordurako, 1.794 kilometro eginda izango ditu Korrikak, eta Orioko lurretan beste hamar kilometro egin eta gero pasako diete lekukoa Zarauzko eragileei. 

16:00ak jotzeko minutu gutxiren faltan helduko da Korrika Zarautzera. Taldea Iritatik sartu eta Araba kale osoa zeharkatuko du. Jarraian, Urdaneta kaletik Bizkaia kalera jaitsiko da, eta San Inazio kaletik Kale Nagusia hartuko du. Aurrera jarraituz, Gipuzkoa kaletik abiatuko da Jaurtakol kaleraino (Ertzainetaraino), eta hortik Nafarroa kalea hartuko du euskararen aldeko egitasmoak, jada, Getaria alderantz jotzeko. Guztira, 25 kilometro egingo dituzte Zarauzko eragileek.

Getariara 16:45ak aldera heltzea espero dute, eta zazpi kilometrotan eramango dute lekukoa getariarrek, kostako errepidean barrena joanda, Izustarri parean zumaiarrek emateko. Zumaiako hirigunera 17:20ak aldera helduko da Korrika, Etxezarreta kaletik. Moilan barrena joanda, Amaiako plaza inguruan emango du buelta, Erribera kalea zeharkatuz, Axular ibiltokia hartu eta Narrondora heltzeko. Hamalau kilometrotan eramango dute lekukoa Zumaiako eragileek, Narrondo parean Arroabekoei eman arte 17:57an. Auzora eramango dute lekukoa azken hauek, bidegurutzean Itziarrerako errepidea hartu arte. 

Guztira, Orion sartuko denetik eta Arroabetik Itziar aldera joango denera arte, 66 kilometrotan eramango dute lekukoa kostaldeko herrietako eragileek. Martxan parte hartuz bakarrik ez, Korrikarekin bat egin daiteke bihar zeharkatu dituen herrietan antolatutako ekintzetan parte hartuz. Izan ere, herri guztietan antolatu dituzte Korrika Eguneko ekitaldiak, izan musika saioak, izan sabela goxatzeko aukera desberdinak.

Larunbatean, barrualdean

Aurtengo Korrika bitan helduko da Urola Kosta eskualdera. Gaurkoan kostaldea zeharkatuko duen bezala, datorren larunbatean, hilaren 28an, barrualdeko herrietan jasoko du herritarren txalo zaparrada. Aurreikuspenen arabera, 15:02an helduko da Errezilera, eta handik Azpeitiarako bidea hartuko du, herrira 15:52an heltzeko. Urola bailaran barrena Zestoara helduko da 17:05ean; han buelta emango du ibaian gora egin, eta Azpeitia zeharkatu eta gero, Azkoitira 18:33an heltzeko. Han Elgoibarko eragileen esku utziko dute lekukoa.

Korrika Eguna

Orio

  • 11:00. Korrika txikia, hondartzatik herrirantz.
  • 14:50. Korrikaren etorrera Aginagatik.
  • 16:30. Txokolate beroa Herriko plazan.
  • 17:00. Haurrentzat antzezlana.
  • Haren amaieran. Triki-bertso poteoa herriko bertsolari eta trikitilariekin.
  • Bukatzeko. Jatekoa eta edatekoa Herriko plazan, herriko tabernarien eta Arkuperen laguntzaz.

Zarautz

  • 15:57. Korrikaren etorrera. Ondoren, txokolatea Inurritza jubilatuen elkartean.
  • 17:30. TT3 DJ-a Musika plazan.
  • 19:00. Pintxo-petoa, Arrai-zopa eta Arranoko gitarra-jotzaileekin. Opariak ere banatuko dituzte.

Getaria

  • 15:15. Korrika txikia. Haren amaieran, Urritzarekin musika saioa eta Korrikako koreografia.
  • 16:30. Korrika handia.
  • 17:30. Txokolate beroa.
  • 17:45. Musika eta buruhandiak, Musika Eskolako trikitilari eta pandero-jole gazteekin.
  • 18:30. Pintxoak eta barrikotea. Bitartean, Korriokea herriko eragileen eskutik.

Zumaia

  • Arratsaldean zehar. Adarjotzaileak herria girotzen herri guztian zehar.
  • 16:45. Kalejira Musika Eskolatik kofradiara, Musika Eskolako ikasleekin.
  • 17:15. Korrikaren etorrera.
  • 17:45. Batukada Beheko plazatik abiatuta, Zumaiako Emakumeon Etxeko batukada taldearekin.
  • 18:00. Korokoiak eta Zutrik taldeen musika saioa, Estalapean. Jatekoa eta edatekoa herriko tabernarien laguntzaz.

Arroa

  • 16:00. Korrika txikia eskolatik plazara. Jarraian, txokolate jana eta tailerrak.
  • 17:00. Arroako VIII. ipuin lehiaketako sari banaketa, plazan.
  • 17:30. Korrikaren etorrera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide