Bikain hasi dute denboraldia Orioko Bate Bizkorrek

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 24a

Orioko Bate Bizkorrak taldeko bateatzaile bat, igandean etxean jokatutako partidan. (OBB)

Bi garaipen eskuratu zituzten OBB sofbol taldeko jokalariek pasa den igandean, Cambre talde galiziarraren aurka. Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailan dabiltza oriotarrak, hain justu, eta hurrengo jardunaldia Valentzian izango dute, Fenix taldearen aurka.

Pasa den igandean jokatu zuen Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailako bigarren jardunaldia, Orion. CBS Cambre talde galiziarraren aurka aritu ziren oriotarrak, eta guztira bi garaipen eskuratu zituzten.

Lehenengo partida etxeko taldearen "jaurtiketaren eta defentsaren nagusitasunak" markatu zuen. Hasierako sarreretan, bi taldeek sendotasun handia erakutsi zuten, eta markagailua ia mugitu gabe mantendu zen. Hala ere, OBBk hirugarren sarreran lortu zuen aurreratzea lasterketa batekin, eta hurrengo bi sarreretan abantaila handitu zuen. Orioko taldearen defentsa oso sendoa izan zela kontatu dute taldekideek, eta CBS Cambrek ez zuen ia aukerarik izan erantzuteko. Oriotarrek partida "kontrolpean" eduki zuten uneoro, eta azkenean 4-0 irabazi zuten, aurkariari punturik egiten utzi gabe.

Bigarren partidak, ordea, bestelako itxura hartu zuen. OBBk "indartsu" ekin zion neurketari, lehen sarreran bost lasterketa eginez (0- 5). Hala ere, Cambrek berehala erantzun zuen bigarren sarrera "bikain" batekin, markagailua estutuz (5-7), eta tarte horretan nabarmendu zen Estibaliz Alvarezen home run-a.

Galiziako taldeak presioa egiten jarraitu zuen, eta hirugarren sarreran aurretik jartzea lortu zuen (8-7), OBB atzetik jokatzera behartuz. Bizkorrak taldeak laugarrenean berdindu zuen partida (8-8), baina Cambrek berriro jo zuen bosgarrenean, berriz ere aurretik jarriz (9-8).

Partida bisitarien alde makurtzen ari zela zirudienean, oriotarrek seigarren sarreran erantzuten jakin zuten; Sara Loidiren home run-ak etxekoen itzulera bultzatu zuen 9-10era arte. Zazpigarrenean, OBBk defentsako sendotasuna mantendu zuen partida ixteko eta garaipena ziurtatzeko; horrela, etxean jokatutako bi partidak irabazi zituen.

Taldekideek Estibaliz Alvarezek batearekin egindako lan ona azpimarratu dute, baita Sara Loidik jaurtitzaile gisa egindakoa ere, aurkarien 12 jokalari kanporatzea lortu baitzituen strike out bidez. Hurrengo jardunaldian, OBB taldea Valentziara (Espainia) joango da bertako Fenix taldearen aurka jokatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide