Kadete mutilak garaile, Euskadiko Batel Topaketan

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 23a

OAEko kadete mutilak bandera astintzen, Euskadiko Batel Topaketan. (utzitakoa)

Asteburuan Legution (Araba) jokatu dituzte Euskadiko Batel Topaketak, eta Orio Arraunketa Elkarteak guztira bederatzi ontzi aurkeztu ditu. Askotariko emaitzen artean, kadete mutilek eskuratutako garaipena azpimarratu dute. Atzo, aldiz, aulki mugikorreko txapelketa jokatu zuten absolutuek, eta Orioko klubak bost domina ekarri zituen etxera.

Asteburu bete-betea izan dute Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) arraunlariek. Izan ere, herenegun, larunbata, San Jose Bandera eskuratu zuen gizonezkoen traineruak, Astilleroko (Espainia) uretan jokatutako estropadan.

Proba horrez gain, OAEko batelek ere hitzordu garrantzitsua izan zuten Legution (Araba). Hain justu, Euskadiko Batel Topaketak jokatu zituzten, eta Orioko klubak guztira bederatzi ontzi uretaratu zituen. Hala, askotariko emaitzen artean, kadete mutilen garaipena azpimarratu dute, 06:56,98 denborarekin amaitu baitzuten proba. Infantil mutilek ere lan fina egin zuten, eta bigarren postuan amaitu zuten jardunaldia. 

Atzo, aldiz, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatu zuten absolutu mailako arraunlariek, baita Legution ere. Orioko ordezkariek lan bikaina egin zuten hitzordu horretan, eta guztira bost domina ekarri zituzten etxera –lau urre eta zilarrezko bat–. 

OAEko ordezkari bat, atzo Legution (Araba) jokatutako Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketan. (utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide