Balearen Eguneko herri ikuskizuna antolatzeko bigarren bilera irekia egingo dute bihar

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 22a

2020ko Balearen Egunean, Harribil taldekoak dantzan. (Aitziber Arzallus)

Bihar, astelehena, izango da bilera, eta bertan izango dira ikuskizuneko zuzendariak. Izena eman nahi duten herritarrek oraindik horretarako aukera zabalik dute. 

Maiatzaren 16an ospatuko da aurten Balearen Eguna, eta oraingoan ere, herritarrak protagonista dituen herri ikuskizuna izango da egitarauko ekintza aipagarrienetako bat. Ikuskizunean parte hartu nahi duten herritarrek aukera dute oraindik izena emateko honako galdetegiaren bitartez, eta bihar, astelehena, bigarren bilera irekia egingo da Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala zuzendariekin, 19:00etan Kultur Etxean.

Udalak jakinarazi du biharko bileraren helburua herri ikuskizunari forma ematen hastea dela. Zuzendariek gidoi, esketx, entseguen dinamika, etab.-en inguruko informazioa emango diete parte hartzaileei. Hau da, pixkanaka, paperak eta zereginak banatzen joango dira, eta hurrengo asteetarako lanak zehazten.

Udalak gogorarazi nahi du, bestalde, ikuskizunean parte hartzeko "hainbat modu" daudela –bakarka, taldean, lagun-artean, familiaka…–, "bakoitzaren inplikazioaren arabera", eta herritarrak animatu ditu biharko bileran parte hartzera, informazioa eskuratzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide