Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak ekin dio denboraldiari. Beste urte batez ohorezko urrezko mailan lehiatuko dira oriotarrak, eta igande honetan estreinatuko dira etxean, Mendibeltzen. 11:00etan izango da lehen norgehiagoka, eta galiziarrak izango dituzte parez pare; Cambre taldea, hain zuzen.
Aurreneko jardunaldiko bi partidak Madrilen jokatu zituzten joan den asteburuan, Dridma taldearen kontra, eta garaipen eta porrot banarekin bueltatu ziren handik, aurreneko lehia 5-6 irabazita, eta bigarrena 3-7 galduta.
Hamabi talde nor baino nor
Estatuko maila gorenean dabiltza oriotarrak, Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailan, eta Euskal Herriko hiru taldeetako bat da OBB, Arga eta Izaga talde nafarrekin batera. Beste lau talde kataluniarrak dira, Sant Boi, Viladecans, Fénix eta Antorcha; Cambre taldea galiziarra da, eta beste laurak espainiarrak dira: Dridma eta Rivas madrildarrak; eta Capitalinos eta Audaces kanariarrak.
Ligako aurreneko itzulian hamabi taldeek denek denen kontra jokatuko dute, jardunaldi bakoitzean bina partida lehiatuta.