Orioko Karela kiroldegiak puntako boxeo jaialdia aterpetuko du igande honetan, 11:00etan hasita. Gipuzkoako txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta hogei boxeolari lehiatuko dira guztira, kirolarien pisuaren arabera zehaztutako kategoria desberdinetako hamar borrokalditan. Eskualdeko lau ordezkari izango dira ringean: Zumaiako klubeko Jesus Magnavy, eta Orioko River Box&Roll taldeko Diego Duran, Eneko Gaztañaga nahiz Joanes Arrieta borrokalariak. Finala ikusteko txartelak egunean bertan jarriko dituzte salgai Karelako leihatilan, 10 eurotan.
Gipuzkoan boxeoa hazten ari dela frogatuko duen maila handiko jaialdia izango da igandekoa, antolatzaileek ziurtatu dutenez. "Boxeoa izugarri ari da hazten azken urteetan, jaialdi asko antolatzen ari dira Gipuzkoan eta Bizkaian, eta horiek ikuslez betetzen ari dira. Finalarekin espektatiba altuak ditugu, maila altua egongo dela uste dugu eta borrokaldi politak espero ditugu", adierazi du Libana Taboada Gipuzkoako Boxeo Federazioko presidenteordeak.
Martxoaren 7an, Arrasaten, hasi zuten Gipuzkoako Boxeo Txapelketa, kategoria jendetsuenen arteko –60 eta 65 kilotako kategoriak–final-laurdenekin, eta pasa den larunbatean jokatu zituzten finalerdiak Errenterian. Gizonen artean, bost kiloka antolatzen dituzte kategoriak, eta beraz, zenbait boxeolari zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetara ala finalera, ez baitzuten borrokaldi gehiago jokatzeko aurkari nahikorik. Orotara, ia 50 boxeolarik eman zuten izena txapelketan; horietako batzuek ez dute borrokaldirik egin, izan lesioengatik edo ez zutelako lortu eskatutako pisura egokitzea.
Bestalde, Orion jokatuko dituzten hamar finalen artean borrokaldi bakarra izango da emakumeen artekoa. Zehazki, Nuria Ariztimuño (Anoeta) eta Alazne Mancha (Sorabox) ariko dira lehian ringean, 51 kiloko kategorian. "Gipuzkoa mailan lizentzien %10 da emakumezkoena, eta justu jaialdi honetan proportzio hori beteko da, hamar borrokalditik batean jokatuko dute emakumeek. Oro har, zenbaki horietan ari gara mugitzen. Egia da gero eta neska gehiago ari direla animatzen boxeoa egitera, baina zaila da borrokaldiak antolatzea, azken finean, boxeoa kategoria asko dituen kirola delako. Emakumeen artean, hiru kiloka antolatzen dira kategoriak, eta zaila da kategoria bereko boxeolariak egotea. Orioko finalean bi borrokaldi izan behar genituen, baina lesioagatik bertan behera gelditu zen bat, eta azkenean, borroka bakarra izango dugu", azaldu du Libana Taboadak.
Nola edo hala, Gipuzkoako Boxeo Federazioko presidenteordeak azaldu duenez, final laurdenak eta finalerdiak jokatu dituzten kategorietako finalak "ikusgarriagoak" izango direla aurreikusten dute, "aukeraketa naturalaren galbahetik pasatu direlako, eta maila onena erakutsi dutenak iritsi direlako finalera". "Bestalde, pisuak gora egiten duen heinean, borrokaldiak ikusteko politak izaten dira. 75 kilotik gorako borroketan, adibidez, kolpe sendoagoak izaten dira. Baina borrokaldi guztiak izango dira politak; pisu arinetan borrokaldiak biziagoak eta azkarragoak izaten dira, eta pisu astunetan kolpeak ikusgarriak izaten dira", ziurtatu du.
Juniorrek bi minutuko hiru round jokatuko dituzte borrokaldi bakoitzean, eta gainontzekoek hiru minutuko hiru round. Ukabilkadak ematen nahiz saihesten trebezia handiena erakutsiko dutenek jasoko dute epaileen puntuaziorik altuena eta, beraz, Euskadiko txapelketarako txartela.
Hala ere, boxeolari batek denbora amaitu aurretik KO egitea lortuko badu, une horretan bertan erdietsiko du garaipena. Hiru kasutan gerta daiteke hori, Taboadak esplikatu duenez: "Arbitroak erabaki dezake borroka bukatzea, adibidez, borroka oso desorekatua delako edo boxeolari bat kolpe asko jasotzen ari bada eta ez bada erantzuteko gai. Entrenatzaileak ere buka dezake borroka. Eta, azkenik, batek KO egiten badu, hau da, aurkaria lurrera botatzen badu eta ez bada gai hamar segundotan altxatzeko".
Eskualdeko ordezkaritza
Eskualdeko borrokalariei dagokienez, Jesus Magnavy 60 kiloko elite kategorian lehiatuko da Oinatz Areanen kontra (Latigo taldea), Diego Duran gazte kategorian, 65 kilotan, Alex Bunescuren aurka (Irungo Resiliens kluba), Joanes Arrieta 75 kiloko elite kategorian Robell Batistaren aurka (Donostiako Anoeta boxeo eskola), eta Eneko Gaztañaga 80 kiloko elitean, Marko Sortinoren aurka (Sorabox, Soraluze).
Gipuzkoako finalak jokatuko dituzten hogei boxeolarien artean lau Urola Kostakoak izateak erakusten du, Taboadaren ustez, eskualdean ere ernetzen ari dela boxeoaren hazia. "Kontuan izanda Urola Kostan ez dagoela klub gehiago... Zarautzen, adibidez, ez dago boxeo elkarterik, Oriokoa eta Zumaiakoa dira bakarrak. Beraz, ez dago gaizki, ezta?"
Igandeko ekitaldia ez da bidearen amaiera izango garaipena lortuko duten hamar boxeolarientzat, horiek maiatzean jokatuko duten Euskadiko txapelketarako txartela lortuko baitute. Zirrara ziurtatuta izango da Orioko ekitaldian, eskularruak jantzi orduko irabazteko gogoz igoko baitira Karela kiroldegiko ringera finalista guztiak.