Iñaki Arrillagaren kutxa hutsak,  Garoa liburu dendan ikusgai

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 20a

Arrillagaren hainbat lan, Zarauzko Garoa liburu dendan. (Iñaki Arrillaga)

Artista oriotarrak Zarauzko liburu dendan ikusgai jarri duen bildumak Jorge Oteiza herrikidearen kutxa hutsak ditu oinarrian. Apirilera arte zabalik egongo da erakusketa.

Badituzte antzekotasunak Jorge Oteizak eta Iñaki Arrillagak. Oriotarrak, arraunzaleak eta artistak biak; Oteizak baditu kutxa hutsak, eta Arrillagak ere bai bereak. Erretiroa hartu eta artearen munduan murgiltzen hasi zenetik, Oteiza inspirazio iturri eta erreferente izan du Arrillagak, eta Zarauzko Garoa liburu dendan jarrita duen erakusketari erreparatuta argi ikus daiteke hori.

Arrilagaren lanek Oteizaren kaxa hutsak dituzte oinarrian; "haien garapena dira", zehaztu du sortzaileak. Denak ez dira berriak, duela bospasei urte Zumaian egin zuen erakusketa baterako sortutakoak dira batzuk, akrilikoarekin egindako collageak hain zuzen, baina gainerakoak bai, harrezkero sortutakoak dira, azkeneko bizpahiru urteotan, Orion duen tailerrean.

Erabili dituen materialak dira berrikuntza. "Aldaketa egin dut materialetan, berriak probatzen aritu naiz, eta metakrilatoz, polikarbonatoz eta aluminioz egindako lanek osatzen dute erakusketa. Oinarri bezala polikarbonatoa erabili dut, eta figura geometrikoak metakrilatoz eta aluminioz egin ditut".

Nahiko luke aukera duena erakusketatik pasatzea bere lanak ikustera, baina ez da oso baikor mintzatu: "Agian ez da hitz egokiena, baina iruditzen zait guk egiten ditugun lanak elitistak-edo direla, eta jendeak ez duela interes handirik adierazten; lagunek eta ingurukoek bai, baina hortik aurrera, gutxi. Zentzu horretan, nahiko ezkorra naiz; izan ere, izenik ez daukagunok ez daukagu erraza mundu honetan, eta ni ez naiz inor". Apirilera arte zabalik da erakusketa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide