Orioko AEKko irakasleek beren "haserrea" adierazteko oharra plazaratu dute. Izan ere, joan den astean 24. Korrika iragartzeko hiru panel jarri zituzten herrian, eta asteburuan ezezagunek kendu egin zituzten. "Hori, noski, ikasturte osoan jasaten ari garen boikot sistematikoaren beste adibide bat baino ez da", nabarmendu dute, eta gogorarazi, panel urdinetan jarri dituzten karteletatik asko kendu egin dizkietela.
Jarrera horien aurrean, irakasleek jakinarazi nahi dute "guztiz gaitzesten" dutela euskararen aurkako jokabide oro, eta lanean jarraituko dutela esan dute "herria horrelako oldarraldien aurrean hauspotzeko".