Hego Euskal Herrian 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, greba orokorrerako deia egin zuen Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak gaurko. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek deitu dute greba LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki lelo hartuta.
Orion ere ari da izaten eragina greba: bi ikastetxeak gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira, eta itxita daude udal zerbitzuak, baita kiroldegia eta musika eskola ere. Ohi baino jende eta ibilgailu gutxiago zebilen erdigunean gaur goizean, baina gainerakoan, ordea, grebak eragin gutxi izan du herriko kaleetan: zabalik daude saltoki eta taberna gehienak.
Aian ere gutxieneko zerbitzua dute gaur ikastetxean, baina udal zerbitzuak martxan dira, esaterako.
Eguerdian Donostiako mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten sindikatuek oriotarrak, eta arratsaldean, herrian bertan egingo dute protesta: 19:30ean da hitzordua, Herriko Plazan. Bertatik abiatuko da greba egunari amaiera emateko manifestazioa.