Hego Euskal Herrian 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, greba orokorrerako deia egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak biharko, hau da, martxoaren 17rako. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek deitu dute greba LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki lelo hartuta.
Grebak eragina izango du Orion ere. Esaterako, Orioko Udalak jakinarazi du udal langileek bat egin dutela deialdiarekin, eta ondorioz, udal zerbitzuak itxita egongo direla bihar: udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa.
Kiroldegia ere itxita egongo da egun horretan, instalazioen kudeaketa egiten duen enpresako langileek ere bat egingo dutelako greba deialdiarekin. Kanpinean, berriz, gutxieneko zerbitzuak izango dira martxan. Orioko eta Aiako ikastetxeei dagokienez, deialdiarekin bat egingo dute, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Jangelak ere itxita egongo dira. Aiako udal zerbitzuek, aldiz, normaltasunez funtzionatuko dute.
Arratsaldean, mobilizazioa egingo dute Orion, 19:30ean hasita, Herriko Plazatik abiatuta.