Hego Euskal Herrian 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, greba orokorrerako deia egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren astearterako, hau da, martxoaren 17rako. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek deitu dute greba LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki lelo hartuta.
Grebak eragina izango du Orion ere. Esaterako, Orioko Udalak jakinarazi du udal langileek bat egin dutela deialdiarekin, eta ondorioz, udal zerbitzuak itxita egongo direla asteartean: udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa.
Kiroldegia ere itxita egongo da egun horretan, instalazioen kudeaketa egiten duen enpresako langileek ere bat egingo dutelako greba deialdiarekin.
Kanpinean, berriz, gutxieneko zerbitzuak izango dira martxan.
Irakaskuntza arloan ere izango du eragina greba deialdiak. Orioko Herri Ikastolak jakinarazi du, esaterako, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituela greba egunean, langileek bat egin dutelako protestarekin.