Orion jokatuko dituzte aurten Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak. Hilaren 22an, igandearekin, izango dira borroka saioak Karela kiroldegian 11:00etatik aurrera, eta hainbat oriotar eta aiar lehiatuko dira bertan. Izan ere, dagoeneko finalerako txartelak eskuratuta dituzte Diego Duranek eta Eneko Gaztañagak, baita Joanes Arrietak ere. Zarauztarra da azken hori, baina hirurak River Box&Roll Orioko klubeko boxeolariak dira.
Aurrez, igande honetan, finalaurrekoak jokatuko dituzte Oreretako (Gipuzkoa) Beraunen, eta Igor Arruti lehiatuko da bertan, 60 kiloko kategorian, Zumaiako klubeko Jesus Magnevyren aurka.
Finalari dagokionez, Diego Duran gazte kategorian lehiatuko da 65kilotan, Alex Bunescuren aurka (Irungo Resiliens kluba), Joanes Arrieta 75 kilo elite kategorian Robell Batistaren aurka (Donostiako Anoeta boxeo eskola), eta Eneko Gaztañaga 80 kilo elitean, Marko Sortinoren aurka (Sorabox, Soraluze).
Denera lau kategoriatan lehiatuko dira boxeolariak Karelan: gizonezkoak junior, gazte eta elite kategorietan, eta emakumezkoak, elite kategorian. Lehia 11:00etan hasiko da, eta pisaketak 09:00etan egingo dituzte.
Gipuzkoako Boxeo Federazioak antolatutako txapelketa da, eta Orioko finaleko sarrerak 10 eurotan jarriko dituzte salgai Karelako leihatilan bertan.