'Ardi eta Behi, abenturak ziztu bizian' komiki liburua plazaratu du Mikel Valverde Orioko bizilagunak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 10a

Mikel Valverde, atzo, Donostian, argitaratu berri duen komiki liburuarekin. (Elkar)

Euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratu du lana, euskarazko bertsioa Elkar argitaletxearekin. "Hitz gutxiko eta umore askoko" liburua dela azaldu zuten atzo aurkezpenean, eta udazkenean bildumako bigarren liburua argitaratuko dutela jakinarazi dute. 

Ardi eta Behi, abenturak ziztu bizian komiki bilduma argitaratu berri du Mikel Valverde Orioko bizilagunak Elkar argitaletxearekin, eta atzo, astelehena, aurkeztu zuten lana Donostian Valverdek berak eta argitaletxeko ordezkariek. Lan "dibertigarria eta berezia" dela esan zuen argitaletxekoak, eta oso istorio laburrak direla, askotan mutuak edo oso hitz gutxi dituztenak, eta horregatik, azaldu zuen oso egokiak direla irakurtzen hasi berri diren umeentzat.

Bildumako aurreneko liburua da, eta bigarrena udazkenean argitaratuko dute. Ondoren, ikusiko dute bildumari jarraipena eman ala ez.

Proiektua Kataluniako Animalibres argitaletxeak jarri du martxan, eta haiek kaleratu dute lana katalanez; Elkarrek atera du euskaraz, eta gaztelaniaz, berriz, Algar argitaletxeak. 

Valverdek Elkarri eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea, jakitun delako komiki bilduma bat argitaratzea "esfortzu handia" dela. "Gaur egun oso zaila da bilduma eta liburu berriak argitaratzea, eta oso pozik nago aukera hori edukitzeagatik". 

Umorez betetako istorioak

Protagonistak bi pertsonaia "xelebre eta maitagarri" dira, Ardi eta Behi, eta haien abentura bitxiak kontatzen ditu liburuak, "beti umore handiarekin". Elkarreko ordezkariak kontatu zuen askorentzat bi pertsonaia horiek ezezagunak izango direla, baina beste askok jada ezagutuko dituztela, bi pertsonaia horien komikiak Irria aldizkarian argitaratzen hasi zirelako 2023an, eta ordutik, zenbaki bakoitzean datorrelako komiki bat. "Mikelek komiki eta istorio erabat berriak sortu ditu, eta liburu monografiko batean bildu ditu". Dena den, Valverdek jakinarazi zuen bi protagonistak berez aspaldi sortu zituela Peru Magdalena idazlearen liburu batentzat ilustrazioak egin zituenean. "Orduan bigarren mailako pertsonaiak ziren, bizitasun eta umore pixka bat sartzeko sortu nituenak", kontatu zuen. 

Lan berriari dagokionez, Valverdek azaldu zuen eguneroko istorio txikiak direla kontakizunaren oinarria, eta saiatzen dela gertakizun horiei "txispa ateratzen", umorea erabilita. Umore hori batzuetan zentzugabea dela esan zuen, baina beste batzuetan "zentzu zehatza" eman diola, "intentzio jakin bat". 

Liburuan ez dago elkarrizketa asko, eta Valverdek nabarmendu zuen istorioak bereziki marrazkien bidez kontatu dituela: "Adierazkortasunaren arloan jarri ditut indarrak, eta istorioak bide horretatik kontatzen saiatu naiz, bai aurpegien adierazkortasuna erabilita, bai gorputzena. Ez dut esango zaila izan dela, baina bai erabakitako bidea izan dela". 

Horrez gain, Valverdek azaldu zuen istorioak sortzean ez zuela soilik umeekin pentsatu, edo bereziki haiengan, eta hala, heldu batek liburua hartzen badu, istorioa jarraituko duela, irakurketa bat baino gehiago dituelako. 

Haur literaturan hainbat liburu ditu argitaratuta Orioko bizilagunak, baina kontatu zuen gaztetan hasi zela komikiak egiten, eta inoiz ez diola utzi diziplina horri, urte batzuetan ezer argitaratu ez duen arren. "Beti mantendu dut harremana komikiekin, eroso sentitzen naiz arlo horretan", azpimarratu zuen. 

Fitxa

  • Egilea: Mikel Valverde.
  • Argitaletxea: Elkar.
  • Edukia: 18 komiki istorio.
  • Generoa: Komikia, abentura.
  • Orrialde kopurua: 56.
  • Salgai: 10,95 (prezio originala)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide