Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du Goienerrekin batera. Helburua herriko etxebizitzei energia berriztagarria eskuratzeko aukera ematea da, Orion sortutako eguzki energiaren bidez. Pasa den ostegunean egin zuten proiektua herritarrei aurkezteko lehen bilera irekia, eta bigarrena, berriz, ostiral honetan izango da, 15:00etan Kultur Etxean.
Egitasmo honen bidez, 150 etxebizitza eta merkataritza lokalei eguzki plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa bideratu nahi zaie. Lehentasunezko profilak izango dira pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza jasotzen duten herritarrak; Alde Zaharreko bizilagunak, plakak instalatzeko mugak dituztelako; eta merkatariak, energiaren kontsumo jarraitua egiten dutelako egun osoan. Gainerako herritarrei dagokienez, euren etxebizitzek hiri lurretan kokatuta egon beharko dute, energia sortzen den puntutik bi kilometrotara gehienez.
Aurreikusitako kuotak
Prozesu honen lehen urratsa kiroldegiko sabaiko eguzki plaken 100kW-ko instalazio fotovoltaikoa izango da. Izan ere, instalazio horren bidez jasotako energia komunitateko bazkideen artean banatuko dute. Herritarrek ez dute hasierako inbertsiorik egin beharko, eta harpidetza bidez funtzionatuko du sistemak. Hau da, kuota bat ordaindu beharko dute energia pakete baten truke, eta horren bidez, elektrizitatearen faktura murriztea lortuko da. Ohiko etxebizitza baten kontsumoan oinarrituta, urteko kuota 35-40 eurokoa izatea aurreikusi dute.
Udalak zehaztu duenez, bazkideen artean eratutako elkarteak definituko ditu kuoten zenbateko zehatzak. Izan ere, beharren arabera energia pakete ezberdinak sortuko dituzte "kontsumo ohituretan" oinarrituz. 100kW-ko instalazioaren onura energetikoa "ahalik eta modu optimizatuenean" banatuko da, eta bazkide kopuru zehatza horren arabera definituko dute. Etorkizunean, "komunitatearen beharren arabera", kuotak egokitzeko aukera egongo da.
Komunitateko bazkide izan nahi dutenek, laster izango dute aukera izena emateko. Horretarako, elektrizitate faktura, NAren kopia eta datuen babeseko dokumentua sinatuta aurkeztu beharko dituzte. Horrela, fakturan izango duten aurrezpena kalkulatuko du Goienerrek.
Elkartea sortu behar
Bestalde, izena ematen dutenen profilak eta energia kontsumo ohiturak aztertuko ditu udalak. "Izan ere, instalazioak ez du energia pilatzeko gaitasunik, eta sortzen dena momentuan iritsiko da etxeetara. Beraz, garrantzitsua da energia kontsumo ohiturak ezagutzea, banaketa optimizatu ahal izateko", azaldu du udalak.
Emaitzak ikusi ondoren, bazkideen behin betiko zerrenda osatuko du udalak. Beharrezkoa balitz, zozketa bidez egingo dute hautaketa, eta jende asko kanpoan geratuko balitz, bigarren instalazio bat egiteko aukera aztertuko lukete. Komunitateko kideek elkarte bat osatuko dute, kudeaketa modu autonomoan egin ahal izateko. Autokontsumoan parte hartuko duten guztiak izango dira elkarte horren bazkide, eta gutxienez hiru kide zuzendaritza batzordean egongo dira.
Proiektua martxan izango da aurtengo udarako, behin instalazioa eginda eta komunitatea osatuta. Altak eta bajak urtero kudeatu ahal izango dira, eta komunitateko kideek egiten duten kontsumoaren eta aurrezkiaren inguruko informazioa jasoko dute, Goienerren eskutik.