Orioko EAJk etxez etxe banatu duen aldizkarian esandakoen gaineko azalpen gehiago eman ditu EH Bilduk. Hain zuzen ere, otsaileko udalbatzarrean zalaparta sortu zuen gaiak, eta orain, "beharrezko argibideak" emateko oharra kaleratu du Udal Gobernuan den alderdiak. Aldizkariaren edukia eta tonua "lekuz kanpokoak" direla salatu du, eta han agertzen diren hainbat irudi eta akusazio "onartezinak" direla esan.
Orioko Udalak azken sei urteetan herriko bizikidetza sendotzeko "ahalegin handia" egin duela esan du EH Bilduk, eta erakundeak "gardentasunez" funtzionatzen duela zehaztu. Horren adibidetzat jarri du hilero, lehen hiru ostiraletan batzordeak egiten dituztela eta batzorde horietako gaitegia astelehenetan bidaltzen dutela, "dagokion informazioarekin". EAJk, gainera, "Eudelen gomendioei jarraituz, %55eko jardunarekin liberatutako pertsona bat" daukala gogorarazi du EH Bilduk.
Bestalde, udalak bilerak "etengabe" antolatzen dituela azpimarratu du, baita "auzo topaketak eta parte hartze prozesuak" egin ere. Informazio hori, ondoren, udalak kanal ofizialetatik "gardentasunez" ematen duela azaldu du alderdiak, eta proiektu estrategikoak, berriz, Guk Oriori atalean ikusgai jartzen dituztela zehaztu.
Udalaren proiektu zehatzak
EAJk etxez etxe banatutako aldizkarian udalaren zenbait proiektu aipatzen ditula esan du EH Bilduk; besteak beste, "Orioko familiek hamar urte baino gehiago itxaroten daramaten" parke estalia aipatzen dela. EH Bilduk, ordea, hori udalean "ibilbide luzea" duen proiektua dela argitu du. "2015ean hartu zuen udalak parke estali bat egiteko konpromisoa, baina EAJren 2015-2019 agintaldian ez zen gauzatu. Azken sei urteotan behin baino gehiagotan izan da eztabaidagai, baina arrazoi teknikoengatik ez da kokaleku egokirik aurkitu", esan du proiektu horri buruz. Gainera, proiektu hori "dagokion batzordean" landu dela argitu du EH Bilduk, eta esan du ez dutela "proposamen alternatiborik" jaso. "Guk ez dugu hauteskunde interesen arabera jarduten; proiektuak ondo landuta eta mimoz garatzea da gure lehentasuna, eta horretan ari gara".
Kanpineko igerilekuak ere zeresan handia eman du azken urteetan. Izan ere, "urte zailak" bizi izan zituen hondartzaren bilakaeraren ondorioz. EAJk, aldizkarian zehaztu bezala, kanpineko igerilekuaren proiektu berriaren kudeaketa "deitoratu" izana leporatu dio udal gobernuari, esanez gaur egungo instalazioan hobekuntza "jasangarri eta ekonomikoagoak egiteko aukerak" bazeudela. 2011-2015eko legealdian, ordea, "inbertsio handia" egin zuten, "zortzi urtetan amortizatuz". Orain, "beste bultzada bat" eman nahi diote. "Igerilekuaren kokaleku berriak eta zaharra zegoen lekuan bungalow berriak jartzeak kanpinaren etorkizunerako ikuspegi estrategikoa du. Kanpina oriotarrentzat diru sarrera garrantzitsua da, eta lanpostu sortzailea ere bada". EAJren ustetan, obra horrek kanpinaren errentagarritasuna "arriskuan" jartzen du, eta miloi bat euroko inbertsioa "gehiegizkoa" dela iritzi dio, izan ere, alderdiak "zerbitzu berberak eskaini baina kostu erdia zuen aukeraren alde" egin du beti.
EAJk Goiko kaleko irisgarritasuna ere aipatu du aldizkarian, esanez alderdiak beti defendatu duela bertako irisgarritasuna hobetzea. EH Bilduk, testuingurua eman nahiez, "2007tik datorren gaia" dela argitu du. Duela bi urte ideia lehiaketa batetik abiatuta, udalak proposamen bat landu du eremu horretarako. Iazko uztailean aurkeztu zen Kultur Etxean, eta inguruko bizilagunek ekarpenak eta proposamenak egin zizkioten aurkeztutakoari. "Ekarpen horiek kontuan hartuta lanean ari gara, inposizioz baino herritarrak entzunda jardutea delako gure lan egiteko modua", azpimarratu dute.
Hiri mugikortasunaren hobekuntza udal gobernuak bultzatzen ez duen beste gai bat dela leporatu dio EAJk Bilduri. "Irisgarritasun unibertsalaren begirada txertatuko duen zubiaren azterketa bat egitea beharrezkoa da, bizikletek modu seguruan zirkulatu ahal izateko". Udalaren proiektuekin jarraituz, aurreko legealdian hausnarketa egin zuten zubian oinezkoen eta bizikleten mugikortasunaren inguruan, eta ondoren, dagokion batzordean aurkeztu zuten. "Hala ere, zubiaren etorkizuneko antolaketa neurri handi batean baldintzatuta dago Oriok beste sarrera-irteera bat izatearekin. Aldundiarekin lanketa horretan ari gara. Bitartean, pilonak kendu dira", argitu dute.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) ere gogora ekarri dute, esanez "laster" izango duela behin betiko onarpena. Plan horren tramitazioan, legeak ezartzen dituen baldintzak bete behar direla argitu dute, besteak beste, etxebizitza kopuruari dagokionez. Udalak legeak eskatzen duen gutxieneko kopurua proposatu duela azaldu dute, eta aldi berean, herriak datozen 15-20 urteetan beharko dituen baliabideak aurreikusi dituzte. Azkenik, Muntoko alokairu sozialeko etxebizitzen inguruko argipenak eman dituzte. Hain zuzen ere, udalak 2018an, EAJren gidaritzapean, Jaurlaritzari saldu zion bertako lursaila, 540.000 euro eta 400 m²-ko lokal baten truke. Ondoren, etxebizitzak Visesak eraiki ditu; esleipena Etxebidek egin du, eta kudeaketa Alokabideren esku dago. "Guztia Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da".
EAJren aldizkariak bi alderdien artean sortutako gatazken aurrean, EH Bilduk lanean jarraituko duela esan du, "arduraz eta zintzotasunez", eta aurrera begira, Oriok dituen erronkei "anbizioz eta konpromisoz" erantzunez.