Hileko lehen ostirala iritsi da, eta Palestina-Orio elkartasun taldea beste behin elkartu da Herriko Plazan, palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioa salatzeko helburuarekin.
Atzo iluntzean egin zuten kontzentrazio jendetsua, eta besteak beste, Palestinako okupazioaren bi puntu "kritiko" azpimarratu zituzten: alde batetik, Gazako muturreko krisia, eta bestetik, indarkeriaren gorakada Zisjordanian. "Israelek Palestinaren anexioa nahi du eta lortzen ari da Zisjordanian. Eta Gazan, biztanleen krisi humanitarioa luzatzen ari da".
Halaber, israeldarren asentamendua "hedatzen" ari dela gaineratu zuten, Zisjordania "bitan banatuz", eta "kolonoen indarkeria eta palestinarren desplazamendua areagotuz", hain zuzen.
Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lotura ere gogora ekarri zuten, Netanyahu eta Trump presidenteei Irango gerra hasi dutela leporatuz. "Ez dakigu noiz eta nola bukatuko den, baina biktimak, beti bezala, herritar xumeak dira. Palestinan egin dutena inguruko beste herrialdeetara zabaldu nahi dute eta ezin dugu onartu indarrezko inposaketarik".