Bi aste barru, martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik, eta hamar egunez, Euskal Herria zeharkatuko du, hilaren 29an Bilbon amaitu arte. Oriotik hilaren 25ean pasatuko da, eta ohi bezala, aurreko egunetan giroa berotzen joateko hainbat kultur jarduera egingo dituzte. Korrika Kulturala herriko eragileekin batera osatu du Korrika batzordeak, eta arduradunak gustura dira osatu duten egitarauarekin. "Adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala prestatu dugu, eta pozik gaude".
Ekintzak datorren astean egingo dituzte, eta egitarau zehatza honakoa izango da:
- Martxoak 12, osteguna: Jone, batzuetan filmaren proiekzioa, 19:00etan Kultur Etxean.
- Martxoak 13, ostirala: Harribil dantza taldearen ikuskizuna, 19:30ean, Etxeluze gaztetxean.
- Martxoak 14, larunbata: Salatxo abesbatzaren kontzertua, 12:30ean, Zimitorioan.
- Martxoak 14, larunbata: Herriarteko bertsolari txapelketaren finala, 19:00etan, Etxeluze gaztetxean.
- Martxoak 15, igandea: 80 amandre helduentzat ipuin kontaketa, 18:00etan, Etxeluze gaztetxean.
- Martxoak 18, asteazkena: Mikel Markezen kontzertua, 19:30ean, Kultur Etxean.
Markezek gaur bertan aurkeztuko du Gezurrari zor disko berria, eta Korrika Kulturalean kantu berri-berriak eskainiko ditu, beraz.
Kilometroak, zozkatuta
Bestetik, atzo bildu zen Korrika batzordea, eta herriko kilometroen zozketa egin zuen. Herriko eragileek hurrenkera honetan parte hartuko dute Korrikan, Aginaga aldetik Zarautzerantz egingo duten ibilbidean:
- 1794: Badok13 + Orio Eragin (N-634, 7. kilometroa)
- 1795: Oria Bizi + Guka (8. kilometroa)
- 1796: Talaimendi +Herrio (9. kilometroa)
- 1797: EH Bildu+ Sare (10. kilometroa)
- 1798: Txurrumuski + Harribil (11. kilometroa)
- 1799: Etxeluze + Pakak (12. kilometroa)
- 1800: Danobat
- 1801: Hezkuntza (Xixario parean)
- 1802: Ikastolako langileak (Herriko Plaza)
- 1803: EAJ (n-634 13. kilometroa)