Hondartzetako garbitze eta sorosle zerbitzuetarako laguntzak emango ditu aldundiak

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 3a

Hondartza.

Lurraldeko 25.000 biztanletik beherako kostaldeko udalerriek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek. Akordioa, hasiera batean, bi urtetarako da, eta beste urtez luzatu ahal izango da. Kostaldeko herriek sarritan eskatu diote aldundiari zerbitzu horien kostua bere gain hartzea. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak bilera egin du gaur, eta hartutako erabakien artean hondartzei dagokion bat dago. Hala, 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten kostaldeko herriei diruz lagundu die aldundiak hondartzetako zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzuak kontratatu ahal izateko. 

Aldundiaren arabera, laguntza horiek "funtsezko zerbitzu baten kudeaketa erraztea" dute helburu. Gaineratu du,  Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiaren barruan kostaldeko udalerriekin hartutako konpromisoaren barruan kokatzen dela erabakia, "hondartzen kudeaketa koordinatuago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko".

Akordio horri esker, hari atxikitutako udalerriek Foru Kontratazio Zentralaren laguntza jasoko dute lizitazioak egiterako orduan. Aldundiak berak onartu du udalerriek gero eta zailtasun handiagoak izan dituztela zerbitzu horiek kontratatzerako orduan. Akordio horretara eskualdeko hiru herri atxikitu direla ere adierazi du aldundiak: Zarautz, Zumaia eta Orio. Ez, ordea, Getaria. 

Akordioak, hasiera batean, bi udako iraupena izango du, eta beste bi udaz luzatzeko aukera izango da. Guztizko iraupena sasoitik gora ezingo dela pasa ere argitu du. 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide