Urola Kostako Herriarteko txapelketaren kanporaketa fasearen azken saioa Askizuko San Martin elkartean izan zen ostiralean. Afaltzen 40 bat lagun elkartu ziren 20:30ean, eta afari ederraren ondoren, Zarauzko Gazte-jendia eta Getariako Arrai Nahastua taldeak aritu ziren bertsotan.
Zarauzko Gazte-jendia taldeko bertsolariak Jakes Etxeberria Oñatibia, Andoni Aranberri Loiola, Mateo Larraza Izagirre eta Adei Urbitarte Aiestaran izan ziren, eta Arrai Nahastua taldeko bertsolariak, berriz, Libe Goenaga Arrieta, Danel Olano Eizagirre eta Amets Aizpurua Mantzisidor. Gai-jartzaile lanetan, bi taldeetako kideak aritu ziren: Zarauzko Ixone Ayerbe Osa eta Getariako Ane Ezenarro Beristain. Bestalde, epaimahaia Zarauzko gazte-jendia taldeko Itxaso Irastorza Manterolak, Arrai Nahastua taldeko Nerea Kamio Olaskoagak eta Orioko Errikotxia taldeko Xabier Iribarrek osatu zuten.
Giro goxoa egon zen elkartean, afalostean agertu ziren entzuleek ere betea, eta saioa polita joan zen. Talde irabazlea Getariako Arrai Nahastua izan zen, 15 punturekin. Hori horrela, erabakita geratu dira martxoaren 6ko Zarauzko finalerdietan kantuan ariko diren taldeak: 19:30etako lehen saioan Zarauzko Allepunta eta Andraseñorak taldeak izango dira, eta afalostean, berriz, Aizarnazabalgo Joxe Jimenezen Kasta eta Getariako Arrai Nahastua. Hortik aterako dira martxoaren 14an Orion jokatu den finalean parte hartuko duten bi taldeak.