Asteburu bete-betea dator Orio Arraunketa Elkartearentzat (OAE), izan ere, hiru hitzordu izango dituzte asteburu honetan. Batetik, larunbatean Gipuzkoako Batel Ligako zortzigarren jardunaldia jokatuko dute, 12:00etatik aurrera, Orioko errioan. Zarautz Arraunketa Elkarteak antolatu du hitzordua, eta etxeko klubak guztira 12 ontzi uretaratuko ditu, infantil, jubenil, promesa eta absolutu mailetan banatuta.
Hori ez ezik, Espainiako Ergometro Txapelketak jokatuko dituzte bihartik igandera bitartean Cartagenan (Espainia), eta OAEk Jose Luis Saies beteranoa aurkeztuko du. Eguerdiko 12:45ean hasiko dira proba horiek, zehazki.
Bestetik, igandean Castro Urdialeseko (Kantabria) uretan arituko dira gizonezkoen bi traineruak, XVIII. Bandera Castreñaren atzetik. Hain justu, goizeko 11:00etan hasiko da estropada, eta OAEk bi ontzi aurkeztuko ditu lehia horretan.