Festa batzordearen funtzionamenduaz "hausnarketa sakona" egin dute 30 herritarretik gorak

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 27a

Larunbatean Arraunetxen egin zuten hausnarketa saioko une bat. (Orioko Udala)

Orioko Udala gustura da larunbateko lan saioak emandakoaz, eta "konpromisoa" hartu du han jasotakoak aztertzeko eta proposamen bat egiteko. 

Orioko Udala gustura da festa batzordearen funtzionamenduaz joan den larunbatean Arraunetxen egindako lan saioarekin, 30 herritarretik gorak parte hartu zutelako eta "hausnarketa sakona" egin zutelako.  Orain, udalak "konpromisoa" hartu du saioan jasotakoak aztertzeko eta, "neurri eta irizpide zehatzetan oinarrituz", proposamen bat egiteko.

Udalak deituta egin zuten larunbateko saioa, eta erakundeak azaldu du herritar eta eragileen ordezkaritza zabala juntatu zela hitzorduan, eta horiez gain, han izan zirela udaleko teknikariak eta ordezkari politikoak ere. Eihera kooperatibako kide batek dinamizatu zuen saioa. 

Lau kontzeptu zehatzen lanketa

"Orion festa batzordeak funtzionamendu bera izan du urte luzez, eta batzordearen dinamiketan hobetu beharrekoak zeudela ikusita, horiek birpentsatzeko saiakera egin zen saioan", azaldu du udalak. Dinamika eta ariketa praktikoak egin zituzten goizean zehar, horien bidez gai konkretuen inguruko hausnarketak egiteko: bileren maiztasuna eta kronograma, bilera bakoitzean erabaki beharrekoak, musika taldeak proposatzeko moduak, parte hartzea, bileretako asistentzia, elkarbizitzarako irizpideak...

Ondoren, lau kontzepturen inguruko hausnarketak egin zituztela kontatu du udalak, eta horiek festetan txertatzeko irizpideak eta oinarriak landu zituztela. Lau kontzeptuak hauek izan ziren: festa euskaldunak eta euskaradunak; parte hartzea eta belaunaldiartekotasuna; festa aske, seguru eta feministak; eta festa bizigarriak eta jasangarriak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide