Jon Garate oriotarra umorezko telesail bat hasi da grabatzen ETB1erako

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 24a

Irentzailenekoa zena Super Manterola bihurtuta eta herritar bat barrura begira, gaur goizean. (Mailo Oiarzabal)

Atzo hasi ziren grabatzen Azpeitiko Erdikaleko lokalean Wazemank-en familiaren zati bat berriro elkartuko duen fikzioa eta hiru astez ariko dira bertan lanean. Aktore eta aurpegi ezagun asko elkartu dituzte ETB1erako proiektu berrian, tartean Iñake Irastorza oriotarra.

Azpeitiko Erdikalean hasi ziren atzo ETB1en eta Primeran plataforman emango duten telesail berria grabatzen. Jon Garate oriotarrak eta Anjel Alkainek zuzenduta, eta bi horiek, Iker Galartzarekin eta Aitziber Garmendiarekin idatzitako gidoiarekin, "hamabost urte eta gero Wazemank-en familiaren zati bat" berriro elkartu dute euskarazko fikzio berrirako, Garatek aurreratu duenez.

Aktore eta aurpegi ezagun asko elkartu dituzte ETB1erako proiektu berrian: Alkain, Garmendia, Galartza, Zuhaitz Gurrutxaga, Iñake Irastorza oriotarra, Ainere Tolosa, Sara Cozar, Onintza Enbeita, Ekain Ibarguren azpeitiarra...

Gazteei zuzendutako telesaila izango dela ere aurreratu du Garatek. Supermerkatu txiki bat izango da akzioaren ildoa eta kokapena. Hain zuzen ere, Irentzaileneko denda zena Super Manterola bihurtu dute filmaketarako. Atzo hasi ziren han grabatzen eta hiru astez ariko dira berriro.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide