'Txepeldunak' haurrentzako antzerkia eskainiko dute larunbatean, Kultur Etxean

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 24a

Maren Basterretxea eta Uxue Alkorta, 'Txepeldunak' obrako antzezleak. (utzitakoa)

Antzezlanak "etorkizuneko gizarte solidarioagoa eta konprometituagoa eraikitzeko nahia" lantzen du, "indibidualismotik kolektibora" jauzia eginez. Gainera, bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide eszeniko tartekatuko dituzte. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da emanaldia, eta 5 eta 11 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago.

Orioko Udalak antolatuta, Txepeldunak haurrentzako antzerkia eskainiko dute larunbat honetan, 17:00etan, Kultur Etxean. Hain justu, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta gaztetxoei dago zuzenduta ikuskizuna. Iraitz Lizarraga da obraren gidoilari eta zuzendaria, eta oholtza gainera igoko dira Maren Basterretxea eta Uxue Alkorta, antzezle lanak egitera.

Obraren sinopsiari dagokionez, hurrengoa dio: "Partida bat galdu duen haurra triste dago: pilotarekin haserre dago baina pixkana adiskidetzen joango da. Berak beti irabazi egin nahi du, eta beste kirol guztiak kakaren pare jartzen ditu. Pixkanaka ikasiko du, ordea, beste jolas askok lekua dutela kalean, eskolako patioan… eta lehia ez dela beti beharrezkoa. Edozein kiroletan denak izan daitezkela irabazle, publikoa barne, ondo pasa dutelako".

Antzezlanak, besteak beste, "etorkizuneko gizarte solidarioagoa eta konprometituagoa eraikitzeko nahia" lantzen du, "indibidualismotik kolektibora" jauzia eginez: irabazi-galdu, ona-txarra, lehia-jolasa, erori-altxa, norbera-bestea, laguntasuna, taldea, bestearekiko errespetua eta zaintza dira obran zehar landuko dituzten gaietako batzuk. Hori ez ezik, bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide eszeniko tartekatuko dituzte. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide