Zarauzko Piano Topaketan parte hartuko dute Danbolin musika eskolako 28 ikaslek

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 23a

Danbolin musika eta dantza eskolako pianojole batzuk. (Danbolin)

Larunbatean izango da hitzordua, eta emanaldiaren ondoren diploma bana jasoko dute. 

Danbolin musika eta dantza eskolak jakinarazi du eskolako 28 pianojolek parte hartuko dutela asteburu honetan ospatuko den Zarauzko Piano Topaketan. Larunbatean, egun osoko ekitaldia izango da Modelo aretoan, eta bertan, lau musika eskolatako 130 pianojolek parte hartuko dute: Oriokoez gain, Zarauzko Imanol Urbieta udal musika eskolakoek, Oiartzungo Ibargain musika eskolakoek eta Elgoibarko Inazio Bereziartua musika eskolakoek.

Danbolineko arduradunen esanetan, "topaketaren helburua da ikasleei jendaurrean jotzeko espazio goxo eta atsegina eskaintzea, eta haiekin batera, senide eta lagunek ere, entzunaldiez gozatzea".m

Hiru maila eta modalitate bereiziko dituzte, adinaren arabera, eta sei txandatan ariko dira. Saio bakoitza bukatutakoan, ikasleei diploma bana emango diete. 

Audra Almanaityte irakaslearen Orioko ikasleek konpositore hauen obrak joko dituzte: D. Agay, M. Mier, K. Costley, L. Chamberlain, M. Leven, R. Vinciguerra, L. Richie, C. Chaminade, M. Moskowsky, Aita Donostia, A. Ginastera, M. Cornick, W. A. Mozart, J. S. Bach, L. Kozeluch, J. Garscia, J. Grill.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide