Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoako ekialdean izango dituzte arraunketa saioak gaur arratsaldean. Gipuzkoako Batel Liga bueltan da, pasa den asteburuan jokatu beharreko jardunaldia eguraldi txarragatik bertan behera utzi eta gero. Donibane Lohizunek hartuko du ligako zazpigarren jardunaldia antolatzeko ardura. Estropadak, ligan ohikoan den bezala, erlojuaren aurka jokatuko dituzte. Infantil, promesa, jubenil eta maila absolutuko ontziak ariko dira lehian.
Bidasoako mugaren bestaldean, Hondarribian, traineru estropada izango da jokoan. 16:00etan emango dituzte Hondarribiko 26. traineru jaitsierako lehen palakadak. Beteranoen traineruak arituko dira lehendabizi, emakumeenak ondoren, eta gizonen estropadarekin amaituko dute gaurko saioa.
Urola Kostako ontziek presentzia izango dute denboraldiaurreko arraunketa saio horretan. Hala, beteranoetan Zumaiak bi ontzirekin hartuko du parte; emakumeetan Zarautz eta Zumaia izango dira lehian; gizonetan, berriz, Getaria, Zarautz, Zumaia eta Orio arituko dira, azken hau B ontziarekin.