Euskadiko eta Gipuzkoako Ergometro Txapelketak jokatu zituzten atzo, igandearekin, Errenteriako (Gipuzkoa) Agustina Otaola pilotalekuan. Hibaika Arraun Elkarteak antolatu zuen hitzordua, Euskadiko nahiz Gipuzkoako arraun federazioekin elkarlanean. Hala, Orio Arraunketa Elkarteak zazpi arraunlari aurkeztu zituen probara, eta guztira bederatzi domina ekarri zituzten etxera: zazpi urre, eta zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituzten, zehazki.
Orioko klubeko arraunlariak beterano, absolutu, jubenil eta paralinpiko kategoriatan lehiatu ziren, hain zuzen ere. Joseba Saies beteranoak jardunaldi paregabea egin zuen, izan ere, urrezko domina bana lortu zuen Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetan. Leandro Salvagnok ere emaitza onak izan zituen, eta honek ere bi urrezko domina irabazi zituen absolutuen mailan.
Jubenilek ere lan fina egin zuten atzoko hitzorduan. Gorka Arrojeriak eta Uxue Olaskoagak, esaterako, lau domina lortu zituzten orotara, hala nola, hiru urrezko eta zilarrezko bat. Arrojeriak Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen, hain justu, eta Olaskoagak, aldiz, Gipuzkoakoa. Jare Mirallesek eta Aimar Ikatzetak ere lan gogorra egin zuten atzo, eta brontzezko domina bat ekarri zuen eskuetan Mirallesek, Gipuzkoako txapelketan lortuta.
Azkenik, Alberto Rebollo arraunlari paralinpikoak bakarrik burutu zuen proba bere kategorian.

