Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Paradisua eta katuak errezitaldi musikatua taularatuko dute otsailaren 20an, ostiralarekin, Kultur Etxean. Hain zuzen ere, iluntzeko 19:00etan hasiko da emanaldia, eta bertaratzeko asmoa dutenek, gaur arratsaldetik aurrera izango dituzte eskuragai sarrerak, 5 euroren truke, Turismo Bulegoan.
Bernardo Atxagaren sorkuntza eta Jabier Muguruzaren musika uztartzen dituen emanaldia da Paradisua eta katuak. Ez, ordea, tonu edo forma beti berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Batzuetan, katu kontuak aipatzen dira; bestetan, adineko andre batenak edo zeharo pozik dagoen apaiz batenak. Hala, saioak Jabier Muguruzaren piezak eta kantuak tartekatzen ditu Bernardo Atxagaren testuekin.