Zumaian izango da bihar Herriarteko Bertso Txapelketako saioa

Intza Trula 2026ko otsailaren 12a

Zumaia taldea. (Bertsozaleak)

Pasa den astean jokatu zuten Urola Kostako lehen faseko aurreneko saioa: Zarauzko Allepuntak irabazi zuen, eta finalerdietarako sailkatu zen taldea. Bihar, Zarauzko Andraseñorak eta Zumaiako Zumaia taldea izango dira aurrez aurre.

Herriarteko Bertso Txapelketako lehen fasearekin jarraitzen dute Urola Kostan, eta bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia. Zumaiako Inpernupe elkartean izango da, 20:30ean, eta nor baino nor ariko dira Zarauzko Andraseñorak eta Zumaiako Zumaia taldeak.

Etxeko taldean, ondorengo bertsolariek parte hartuko dute: Irati Arakistainek, Urko Arakistainek eta Joar Garatek. Andraseñorak taldea, berriz, Joane Aldalurrek, Irati Tolosak, Uxue Alkortak eta Aner Peritzek osatzen dute.

Pasa den astean hasi zuten lehia Urola Kostan, Aiako Andatza elkartean. Zarauzko Allepunta eta Orioko Errikotxia taldeen arteko saioa izan zen, eta lehenengoa nagusitu zen. Hala, Allepunta da Urola Kostako lehen taldea finalaurrekoetarako txartela eskuratzen. Hirugarren saioa otsailaren 20an izango da, Aizarnazabalgo Mikel elkartean, eta laugarren eta azken saioa, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute, 27an.

Saio horietako talde irabazleak martxoaren 6ko finalaurrekoetara sailkatuko dira. Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean jokatuko dute saio hori; 19:00etan jokatuko dute aurreneko finalerdia, eta afaldu eta gero bigarrena. Bi saio horietako garaileak ariko dira finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu eta gero.

Urola Kostako saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai.

Urola Erdiko finalerdietako taldeak, erabakita

Urola Erdian, berriz, erabakita dago finalaurrekoetan zein talde izango diren. Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo zein Zestoako zazpi talderekin hasi zuten txapelketa, eta horietako lauk lortu dute aurrera egitea. Lehen finalaurrekoa otsailaren 20an jokatuko dute: Astuk Alineaute (Azkoitia) eta Zaharrak Berri (Azpeitia) taldeak ariko dira nor baino nor Errezilgo Borondegi jatetxean; eta otsailaren 27an, Erralla (Zestoa) eta Txemaizterrak (Azpeitia), Aizpurutxoko Itziar jatetxean.

Bi saio horietako talde irabazleek martxoaren 13an izango dute finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan, eta txapelduna hurrengo fasera igaroko da. Zehazki, Aste Santuaren aurretik bukatuko dituzte eskualdekako lehen faseak, eta gero ekingo diote bigarren faseari, hau da, Gipuzkoa mailakoari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide