Uholdeak saihesteko 4,9 milioi euro inbertituko dituzte AP-8 eta GI-20 errepideetan, tartean Orion

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 9a

AP-8 autobidea, Orio inguruan.

Drainatzea hobetzea eta uholdeak ekiditea da helburua, eta Usurbil, Orio, Zestoa eta Donostiako errepideetako hainbat tartetan egingo ditu esku hartzeak urteko bigarren seihilekoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Bidegik 4,9 milioi euroko inbertsioa egingo duela "errepide sarearen segurtasuna eta erresistentzia indartzeko lanetan". AP-8 eta GI-20 errepideetako hainbat puntutan esku hartuko du, tartean Orion.

Drainatzea hobetzeko jarduketa berriak izango dira, eta Orion ez ezik, Usurbil, Zestoa eta Donostia parean ere egingo ditu.

Aldundiak azaldu duenez, egungo hodien ordez hodi seguruagoak eta eraginkorragoak jarriko dituzte uholdeak prebenitzeko helburuarekin, eta lanak urteko bigarren seihilekoan egingo dituzte.

Obrek eragin gutxi zirkulazioan

Obrak zangarik gabeko tekniken bidez egingo dituzte, bide azpiegituraren beraren pean jardunez, eta horrek "nabarmen murriztuko du ingurunean eta zirkulazioan izango duen eragina", azpimarratu dute. Intzidentziak batez ere bazterbideetan kontzentratuko direla dio aldundiak, eta, noizean behin, erreiren bat aldi baterako moztu beharko dela, seinaleztapen eta balizatze lanak errazteko.

Epeei dagokienez, jarduketek hamaika hilabete eta erdi irautea aurreikusi dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide