Gakoa, exijentziak nahi bihurtzea

Goizane Baylin Carretero 2026ko otsailaren 9a

Gizon bat, mendiari begira. (pixabay)

Urtarrileko Aia-Orio Guka aldizkarian Akuilua hartuta atalean argitaratutako iritzi artikulua da honakoa. 

Aurreko urtearen itxierarekin eta urte berriaren hasierarekin, gure eguneroko bizitzaren eta urtearen atzera begirako analisia egiten dugu; egunerokoan zerbait falta zaigula baloratu dezakegu, eta horrekin, aldaketarako jarduera berrien bila has gaitezke. Hala, urte berriko asmoen planteamendua egiten dugu, baina gehienetan, nekez betetzen dira horiek. Zerk eragiten du asmo horiek ez betetzeak?

Maiz, asmo horien planteamendua Gabonetatik bueltan egiten dugu, eta kontziente izan gabe, konpentsazio helburu batetik planteatzen dugu, hau da, Gabonetan orokorrean egunerokotasunean baino gehiago jaten dugu, kirol gutxiago egiten dugu... Hori negatiboki baloratzen badugu, askotan geure buruari murrizketak eta debekuak inposatuko dizkiogu. Zenbatetan esan edo entzun duzu "aurten benetan hasiko naiz gimnasioan", "Gabonetan jandako guztia erre behar dut", "astelehenean dietan hasiko naiz pisua galtzeko"... Horrelako mila asmo izaten dira urtero, baina nekez betetzen dira (eta eskerrak). Gainera, exijentzia horiek errealistak ez direnez, epe luzera mantentzeko zailtasunak ekartzen dituzte, horrek sortzen duen frustrazioarekin batera.

Ez dugu konpentsaziorik behar Gabonen ostean, oreka behar dugu. Oreka hori lortzeko, balantza batean jarri behar dugu ondo sentiarazten gaituen eta gustatzen zaigun hori, eta hori motibazioaren bitartez lor dezakegu.

Motibazio horri begira jarriz gero, konturatu gaitezke gehienetan nekez betetzen ditugun asmoek eta helburuek kanpoko motibazioa edo motibazio estrintsekoa dutela ezaugarritzat; kanpo etekin bat dute erdigunean (adibidez, itxura fisikoa 'hobetzea', ingurukoen onarpena...). Orokorrean, motibazio mota hori ezaugarritzat duten asmoak porrotera kondenatuta egongo dira, emaitzak ez direlako bat-batekoak izango eta normalean berehalako aldaketak nahi izaten ditugulako. Aldiz, barne motibazioa edo motibazio intrintsekoan oinarritzen den jarduera batek sortzen duen plazerak, ongizateak edo interesak mantenduko du jarduera horren jarraipena, norbanakoaren autonomia eta autodeterminazioa sustatzen dituelako. Hori honela izanik, motibazio intrintsekoaz hornitzen diren jarduera atseginak bilatzea izango da urte hasierako erronka.

Gizarte bezala, azken bolada honetan, gainditze pertsonalean jarri dugu fokua, eta horrek urte berriarekin batera jardueraren bat hasteko presioa sor dezake. Ekimena eta ardurak positiboak izan daitezke, errendimendua mandatua bihurtzen den arte.

Beraz, planteatu behar duguna da ea zer helburu dauden asmo horien atzean. Jarduera eta jokabide berriak ikasteko eta mantentzeko garrantzitsua izango da horien funtzioa (helburu edo xedea) ezagutzea, horiek motibazio intrinsekotik sortzea, fokua jardueraren prozesuan jartzea –ez emaitzan– eta gure exijentziak nahi bilakatzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide