Larunbat eta igande honetan Castrelo de Miñon (Galizia) jokatzekoak ziren distantzia luzeko Espainiako Txapelketa eta erkidegoen selekzioena, baina Espainiako Arraun Federazioak azaldu du bertan behera utzi dituztela hitzorduak. Aste osorako eguraldi txarra emana dago, eta egoerak okerrera egitea aurreikusten da. Lehiaketa horretan Espainiako bederatzi erkidegotako 400 ontzi ziren parte hartzekoak, eta haien joan-etorri eta lekualdatzeen segurtasuna bermatzeko hartu dute erabakia. Partaideen artean zeuden oriotarrak ere; larunbatean Orio AEren izenean ziren parte hartzekoak, eta igandean, Euskadiko Selekzioarekin.
Atzo, asteartea, egin zuten bilera Espainiako Arraun Federazioak eta antolaketan parte hartzen duten gainerako erakundeek eguraldiaren iragarpena aintzat hartuta. Nabarmendu zuten, gainera, lehiaketak jokatuko diren ur eremua dagoeneko abisu horian dagoela ur emariari dagokionez, eta datozen orduetan okerrera egitea espero dela, euria dagoelako iragarrita.
Federazioak ez du data berririk zehaztu, baina esan du saiatuko dela data egokia aurkitzen bertan behera gelditutako lehiak jokatu daitezen.