Palestina-Orio elkartasun taldeak elkarretaratzera deitu du ostiralerako

Julene Sorarrain

Palestina-Orio taldeak egindako elkarretaratzea, Herriko Plazan. (Intza Trula)

Otsailaren 6an, ostiralarekin, arratsaldeko 19:30ean elkartuko dira Herriko Plazan, "isiltasunari aurre egiteko, memoriari eusteko eta justizia aldarrikatzeko".

Palestina-Orio elkartasun taldeak "Israelek Palestinan burutu duen eta oraindik burutzen ari den genozidioaren irudi beldurgarriak desagertu" direla salatu du, baita "palestinarrek egunero pairatzen duten gosea, sufrimendua eta izua" ere. Halaber, "eguneroko erailketak, okupazio kolonialaren krudeltasuna eta horren ondorioak erakusten zituzten albisteak" pantailetatik aldendu direla azpimarratu dute taldekideek. 

"Orain, genozidio honekin kolaboratu duten eta gerratik zein armen salmentatik negozioa egin duten herrialdeek diote Palestinako 'bake prozesua' gidatuko dutela. Zer nolako hipokrisia herri baten zapalkuntzari bakea deitzea! Zer nolako lotsagabekeria zapalkuntza, okupazioa eta heriotza normalizatzea!", salatu dute. 

Hala, egoera "larri, krudel eta jasangaitz" horren aurrean, isilpean ez geratzea eta Palestinari beren konpromisoa eta elkartasuna adieraztea erabaki dute. Eta horretarako, elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, 19:30ean, Herriko Plazan, "isiltasunari aurre egiteko, memoriari eusteko eta justizia aldarrikatzeko", hain justu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide