Orioko Futbol Taldeko gizonezko seniorrek hortzak erakutsi dituzte asteburu honetan, liderraren aurkako partidan. Real Union hartu zuten etxean larunbat arratsaldean, eta bina berdindu zuten partida. Sailkapenean hamabigarren postuan jarraitzen dute oriotarrek, 20 punturekin. Hiru puntura dute 11. postua.
Asteburu honetan ere gogor saiatu beharko dute, aurkari zuzenaren kontra jokatuko baitute norgehiagoka, hamahirugarren postuan, puntu berdinekin den Amaikak Bat taldearen aurka, hain zuzen.
Emakumezkoak ez ziren hain fin ibili, Goierri Gorri taldearen aurka 1-3 galdu baitzuten etxean atzo arratsaldean. Hamazazpi punturekin, hamabigarren postuan dira oriotarrak, eta lau puntura dute 11. postua. Hurrengo hitzordua etxetik kanpo izango dute, Irauli Bostekoren kontra. Sailkapenean beherago daude horiek, hamar punturekin, hamalaugarren baitira une honetan.