Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketa, bertan behera

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 30a

Orioko emakumezkoak aulki mugikorrean, arraunean. (OAE)

Bidasoa ibaian zen jokatzekoa estropada, eguerdi partean. Eguraldiaren iragarpena tarteko, bertan behera geratu dela jakinarazi du Euskal Arraun Federakuntzak. Beste bi hitzordu izango dituzte OAEko arraunlariek asteburuan.

Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatzekoak ziren bihar, zapatua, Bidasoan. Eguraldiaren iragarpena dela medio, Euskal Arraun Federakuntzak jakinarazi du bertan behera geratu dela arraun mugikorreko lehiaketa hori. 

Beste bi arraun hitzordu izango dituzte Orio Arraunketa Elkarteko kirolariek asteburu honetan. Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia jokatuko dute arraunlariek igande goizean, eta oraingoan Zumaian ariko dira lehian kadete, infantil, jubenil eta senior mailako ontziak. 11:00etan abiatuko dira estropadak, Urola ibaian, herrigunetik, irteera puntua Julio Beobide ibilbideko Idoia jatetxearen parean izango dutelako. Itsasoraka egingo dute arraun denek, kategoria bakoitzak dagokion distantzia osatuz. 

Sestaon (Bizkaia), berriz, Julian Enrike Oroimenean XVII. Traineru Jaitsiera jokatuko da. Jubenilak eta seniorrak lehiatuko dira bertan, 11:30etik aurrera, eta hantxe lehiatuko dira OAEko emakumezkoak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide