Martxan da jada Saharara bidaltzeko janari bilketa. GueraraOrio elkarteak antolatu du, eta gaurtik bihar arte izango dira Eroski handiko sarreran oinarrizko elikagaiak biltzen. Hain zuzen ere, goizeko 10:00etatik iluntzeko 21:00etara bitartean izango dute herritarrek elkarteari laguntzeko aukera. Oinarrizko elikagaiak jasoko dituzte saharar herriarentzat: arroza, lekaleak, pasta, hegaluzea oliotan, sardinak oliotan eta azukrea. Elikagaiez gain, hilerokoarentzako konpresak ere bilduko dituzte.
Elkarte horretako boluntarioak egongo dira herritarrek emandako produktuak jasotzen, eta ondoren, Sahararako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak eramango ditu Orion eta beste hainbat herritan jasotako produktuak sahararren kanpalekuetara.
GueraraOriok herritarrak animatu ditu elkartasun ekintzan parte hartzera, eta gaineratu du janari bilketan lanean jarduteko boluntarioak ere gustura hartuko dituela. Animatzen denak Lamati deitu diezaioke 643 62 04 38 telefono zenbakira.
