Balearen Eguna ospatuko da maiatzaren 16an, eta Orioko Udala dagoeneko hasi da ospakizun horretarako egitaraua prestatzen. Ohi bezala, aurten ere herritarrak protagonista dituen kale ikuskizuna egingo dute, eta bertan parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Udalak zehaztu duenez, deialdia "oriotar ororentzat" da irekia, hau da, ez da inongo esperientziarik izan behar antzerkian parte hartzeko. Ikuskizunaren helburua 1901ean balea harrapatu zuten eguna birsortzea da, hain zuzen ere.
Hori horrela, izena emateko galdetegi hau bete behar da, eta epea zabalik egongo da otsailaren 9ra bitartean. Interesdunek, gainera, izen ematea banaka, lagun taldeka edota familiaka egin dezakete.
Lehen hitzordua, otsailaren 10ean
Kale ikuskizunaren prestaketa lanak hasiko dituzte otsailaren 10ean, 19:00etatik aurrera Kultur Etxean. Hitzordu horretan, herritarrek ikuskizunaren zuzendariak ezagutzeko aukera izango dute, eta aldi berean, hurrengo asteetarako lan dinamika azalduko zaie, besteak beste, entseguen maiztasuna, ikuskizunaren xehetasunak eta kronograma.
Aurten, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola sortzaile azpeitiarrek izango dute antzezlana gidatzeko ardura. Zuzendaritza eta heziketa proiektuak aktore lanekin uztartzen dituzte biek, eta taula gainean ere obra desberdinetan parte hartu izan dute. Agirrezabala, kasu, iaz Orion izan zen Satiro antzezlanarekin, eta Olaizolak Troia antzerkia egin zuen hondartzan 2024ko udan, Kamikaz Kolektiboko kideekin.