Arraun hitzorduz betetako asteburua Orio Arraunketa Elkartearentzat

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 28a

Orioko gizonezkoak, iaz, Galiziako uretan, banderarekin. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Larunbatean aulki mugikorreko Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatuko dituzte Bidasoa ibaian, eta igandean, Zumaiak hartuko du batel ligako laugarren jardunaldia, eta Sestaon (Bizkaia) traineru jaitsiera izango da. 

Asteburu bete-betea dator Orio Arraunketa Elkartearentzat (OAE), hiru hitzordu izango dituztelako bi egunetan. 

Batetik, larunbatean Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatuko dituzte Bidasoa ibaian eguerdi partean, 13:30ean hasita. Aulki mugikorreko lehiaketa hori Hondarribia arraun elkarteak antolatu du, eta hantxe izango dira Orioko ontziak, kategoria guztietan lehian. 

Bestetik, igandean bi lehia egongo dira. Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia jokatuko dute arraunlariek igande goizean, eta oraingoan Zumaian ariko dira lehian kadete, infantil, jubenil eta senior mailako ontziak. 11:00etan abiatuko dira estropadak, Urola ibaian, herrigunetik, irteera puntua Julio Beobide ibilbideko Idoia jatetxearen parean izango dutelako. Itsasoraka egingo dute arraun denek, kategoria bakoitzak dagokion distantzia osatuz. 

Sestaon (Bizkaia), berriz, Julian Enrike Oroimenean XVII. Traineru Jaitsiera jokatuko da. Jubenilak eta seniorrak lehiatuko dira bertan, 11:30etik aurrera, eta hantxe lehiatuko dira OAEko emakumezkoak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide