Badok13 taldeak garaipenarekin abiatu du denboraldia Portugaleten

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 26a

Badok13koak, iaz, Hondarribian. (Utzitakoa)

Beteranoen arraun elkarteak A eta B ontziekin parte hartu zuen atzo Portugaleteko XIV. Traineru Jaitsieran, eta A ontzia izan zen bizkorrena 20 traineruren artean. B taldea ere "txukun" ibili zela azaldu du elkarteak. 

Traineruek hitzordu garrantzitsua zuten atzokoan Portugaleten (Bizkaia), neguko aurreneko testa baitzen Portugaleteko XIV. Traineru Jaitsiera, eta beteranoetan bikain ibili zen Badok13 Orioko arraun elkartea, proba irabaziz. 

A eta B taldeekin parte hartu zuen jaitsieran, eta A taldea gailendu zen 20 ontzien artean 15:56ko denbora eginda. Bigarren sailkatu zen Getxoko traineruari 20 segundotik gora atera zizkion, eta hirugarren egin zuen Mundakari, 33 segundo.

Beteranoen elkartea gustura da atzo egindako lanarekin, eta nabarmendu du B ontzia ere "txukun" ibili zela "baldintza zailenetan, taldearen konpromisoa eta batasuna agerian utziz". Izan ere, itsaso zakarrarekin eta haize indartsuarekin jokatu zuten proba, Ingrid ekaitzaren eraginez, eta estropadak bertan behera uztekotan ere izan ziren antolatzaileak. 

"Emaitzek erakusten dute Badok 13 Oriok sasoia indartsu eta motibazioz hasi duela, azken urteetako lanari jarraipena emanez eta ilusioz begira jarriz denboraldi berriari", adierazi dute taldeko ordezkariek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide