Ostiral eta larunbat honetan janari bilketa egingo dute Orion, Eroski handian (Mendibeltz futbol zelaiaren ondokoan), 10:00etatik 21:00etara. Oinarrizko elikagaiak jasoko dituzte saharar herriarentzat, GueraraOrio elkarteak adierazi duenez. Elkarte horretako boluntarioak egongo dira herritarrek emandako produktuak jasotzen, eta ondoren, Sahararako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak eramango ditu Orion eta beste hainbat herritan jasotako produktuak sahararren kanpalekuetara.
GueraraOriok herritarrak animatu ditu elkartasun ekintzan parte hartzera, eta gaineratu du janari bilketan lanean jarduteko boluntarioak ere gustura hartuko dituela. Animatzen denak Lamati deitu diezaioke 643 62 04 38 telefono zenbakira.
Honako elikagaiak jasoko dituzte ostiraleko eta larunbateko bilketan: arroza, lekaleak, pasta, hegaluzea oliotan, sardinak oliotan eta azukrea. Elikagaiez gain, hilerokoarentzako konpresak ere bilduko dituzte.