Ibilgailuen zergaren hobariak eskatzeko epea, zabalik

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 13a

Auto batzuk hondartza aurrean aparkatuta. (Guka)

Aurten ere hiru hobari mota onartu ditu Orioko Udalak: ibilgailu elektrikoentzat, hibridoentzat eta ibilgailu historikoentzat. Interesdunek ostegun honetara arte, hilaren 15a, dute eskaria egiteko epea. 

Orioko Udalak zabaldu du epea ibilgailuen 2026ko zergetan hobariak eskatzeko. Interesa dutenek ostegun honetara arte dute aukera, hilaren 15era arte, alegia. Aurten ere hiru hobari mota onartu ditu Orioko Udalak: ibilgailu elektrikoentzat, hibridoentzat eta ibilgailu historikoentzat. 

Eskaerak orain egin arren, hobari horiek hurrengo urtean izango dute eragina. Ibilgailu elektriko eta hibridoen hobaria bi urterako emango da, ibilgailuaren lehen matrikulaziotik hasita.

Hauek dira mota bakoitzeko ibilgailuentzat eska daitezkeen hobariak: 

  • Ibilgailu elektrikoak: zerga kuotan %75eko hobaria izango dute Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren erregistroan honela sailkatuta dauden ibilgailuek: bateriadun ibilgailu elektrikoek (BEV); autonomia hedatutako ibilgailu elektrikoek (REEV); ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriek (PHEV), ≥40 kilometroko autonomia dutenek.

  • Ibilgailu hibridoak: zerga kuotan %40ko hobaria izango dute Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren erregistroan honela sailkatuta dauden ibilgailuek: <40 kilometroko autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriek ; ibilgailu hibrido ez entxufagarriek (HEV); gas naturalarekin (GNC eta GNL) bultzatutako ibilgailuek; petroleo-gas likidotuarekin (GLP) bultzatutako ibilgailuek.

  • Ibilgailu historikoak: zerga kuotan %100eko hobaria ezarriko zaie ibilgailu historikoei edo 30 urte baino gehiagoko antzinatasuna dutenek, fabrikatu ziren egunetik kontatzen hasita.

Eskaera egiteko bidea eta baldintzak

Eskaera udaletxean egin daiteke, baita galdetegi hau beteta ere. Ondoren, udal bulegoetan edo udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu behar da, honako dokumentazioarekin batera: ibilgailuak eskatzen diren ezaugarriak betetzen dituela justifikatzen duen ibilgailuaren Ezaugarri Teknikoen Txartela (informazio txartel horretan agertzen ez bada, ezaugarri horiek jasoko dituen eta horretarako eskumena duen administrazioak igorriko duen agiri baten bidez frogatu beharko da).

Gainera, hobariak jasotzeko, egunean egon behar da udal zergen ordainketan. Baldintza hori nahitaezkoa da hobaria jasotzeko eta, ez bada betetzen, galdu egingo da eskubidea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide