Duela lau urte jarri zituen herri baratzeak herritarren eskura Orioko Udalak, eta eremuaren erabileraren balorazioa egin ondoren, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Hala ere, erabiltzaileek hala eskatuta, araudia "egokitu" du, eta azaroko udalbatzarrean araudi berria onartuta, udalak izen ematea zabaldu du 40 metro koadroko 46 partzela ustiatzeko.
Izena emateko epea zabalik egon da aurreko astetik, eta bihar amaituko da epe hori. Interesdunek eskaera orri hau bete beharko dute. Behin eskaerak aurkezteko epea pasatuta, behin-behineko zerrendak publikatu eta erreklamazio epea irekiko dute. Zozketa publikoa, berriz, otsaila amaieran egitea aurreikusi du udalak.
Halaber, eskaera aurkezten duten herritarrek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:
- Orion erroldatuta egotea eskaera aurkezten den unean.
- Baratzea erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Orion erroldatuta egotea.
- Orioko Udalarekin zorrik ez izatea.
- Ez eskatzaileak eta ez haren etxeko inork ez izatea nekazaritzarako egokia den terrenorik jabetzan edo usufruktuan.
- Familia unitateko eskaera bakarra onartuko dute.
- Baratzen araudia ez betetzeagatik aurrez zigorrik ez jaso izana.
Eskaera orria bete eta udal bulegoetan aurkeztu beharko da. Horrekin batera, NAren fotokopia eta baldintzak betetzen direla erakusten duen ziurtagiria ere eraman beharko dira. Eta bestela, erregistro elektronikoz ere aurkeztu daiteke, baina, betiere, goiko eredu ofiziala erabilita.
Lehentasunak eta ezaugarriak
Baratzea eskuratzeko orduan, lehentasuna izango dute pentsiodunek edo desgaitasunen bat duten herritarrek. Azken lau urteetan erabilitako lursaila mantendu nahi duenak, berriz, eskaera hori adierazteko aukera izango du eskaera orrian.
Lursailaren adjudikazioa urtebetekoa izango da, eta gehienez lau urtera luzatzeko aukera egongo da. Urteroko kuota ordenantza fiskaletan finkatuko da; 2026an 60 eurokoa izango da, eta gainera, 60 euroko fidantza ordaindu beharko da lehen urtean.
Lursaila adjudikatzen zaien herritarren artean, ezinbestekoa izango da Baratzetako Zuzendaritza Batzordea osatzea, eguneroko kudeaketa aurrera eraman ahal izateko.